INDESA 2010 zentroak plantillaren heren bat baino gehiagorako enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztuko du

0

Indesa 2010 enplegu zentro bereziak, Arabako Foru Aldundiaren partaidetza nagusia duen sozietateak, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztu du, ezinbesteko arrazoiengatik, plantilla osoaren heren bat baino gehiagorako. INDESAk bere plantillaren soldata % 100eraino osatuko du espedienteak irauten duen bitartean, zentroko enpresa Batzordeari jakinarazi dionaren arabera.

Espediente horren arrazoia da koronabirusak eragindako osasun larrialdia dela-eta hainbat erakunde, enpresa hornitzaile eta bezerok hartutako neurrien ondorioz jarduera murriztu egin dela. Hain zuzen ere, industria eta lorezaintza arloetako jarduerak erabat ixtea erabaki du, baita Gasteizko aireportuko kafetegia ere, eta Arabako hiriburuko gizarte etxeetako garbiketa arloa zati batean ixtea.

Indesa 2010 kapital publikoa duen sozietatea da, gehiena Arabako Foru Aldundiaren esku dago, eta lurraldeko zenbait tokiko erakunderen eta Eusko Jaurlaritzaren esku ere. Zentro horren betekizuna da kalitatezko lan aukerak eta gizarte, ekonomia eta ingurumen aldetik jasangarriak direnak sortzea Arabako desgaituentzat, haiek laneratzea eta gizarteratzea lortzeko bide gisa. Zentroak 800 langiletik gora ditu, zeinen artean hamarretik bederatzik era bateko edo besteko desgaitasuna baitu.