Kontsumobideren gomendioak, Interneten salgai dauden mirari-produktuen ugaritzearen aurrean

0

Tamalgarria eta gaitzesgarria da gaur egungoaren moduko osasun-larrialdiko egoera batean, etika gutxiko edota iruzurrezko jarduerak egiten dituzten pertsonak egotea, diru-sarrera azkarrak lortzeko helburu bakarrarekin. Europar Batasuneko estatuetako kontsumitzailea babesteko agintaritzek (CPC), Europako Batzordearekin bat etorriz, dokumentu bat egin dute COVID19aren pandemia-testuinguru honetan gehien salatutako iruzurrezko jardunbide desleialei buruz. Era berean, kezka agertu dute Internet bidez produktuak merkaturatzen dituzten plataformetan kontsumitzaileentzat eta erabiltzaileentzat engainagarriak, oldarkorrak eta abusuzkoak diren merkataritza-jarduerak ugaritu baitira, batik bat babes-maskaren, norbera babesteko ekipamenduen, detergenteen edo beste substantzia desinfektatzaile batzuen inguruan.

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak honako gomendio hauek egin nahi dizkie Euskadiko kontsumitzaileei:

  • Ez fidatu eskaintzetan erabiltzen diren lengoaiak edo irudiek, modu esplizituan edo inplizituan, iradokitzen badute produktu batek COVID19 bidezko infekzioa senda edo saihets dezakeela.
  • Sinesgarritasun osoa kendu osasun-arloko profesionalak, adituak edo bestelako iturri ez-ofizialak erreferentzia gisa erabiltzen dituzten orriei, baldin eta orri horiek adierazten badute produktu batek koronabirusak eragindako infekzioa saihets edo senda dezakeela.
  • Era berean, ez fidatu merkaturatzen den produktuaren propietate babesleak edo sendagarriak ustez babesten dituzten gobernu-agintarien, aditu ofizialen edo nazioarteko erakundeen erreferentziez, izen bidezkoak izan edo logotipo bidezkoak izan. Agintaritzek ez dituzte produktuak gomendatzen. Horien informazioa soilik bermatuta dago web-gune ofizialetan agertzen denean, edo modu ofizialean igorritako dokumentuetan agertzen denean.
  • Era berean, ez dira konfiantzazkoak kontsumitzaileen gomendioen edo iritzien bidez sustatzen diren web-guneak edo produktuak, baldin eta COVID19aren aurka babesteko produktu edo zerbitzu baten eraginkortasunari buruzko baieztapenak egiten badituzte.
  • Erabateko mesfidantzarako beste datu bat da hausnarketarik gabeko erosketa inpultsiboa bilatzen duten premia-adierazpenen ugalketa, hau da, «gaur bakarrik eskura daiteke», «azkar agortzen da» eta antzeko adierazpenen ugalketa.
  • Ez fidatu merkatuko baldintzak aipatzen dituzten web-guneekin, hala nola «merkatuko preziorik onena», «COVID-19aren infekzioak senda ditzakeen produktu bakarra» edo antzekoak.
  • Ez da web-gune fidagarria bere eskaintzaren kostua antzeko produktuen ohiko prezioaren oso gainetik dagoela adierazten duena, ustez COVID-19aren infekzioa saihestuko duen edo sendatuko duen aitzakiarekin.
  • Informazio pertsonala eskatzen den guztietan, informazio pertsonala eskatzeko benetako beharra egiaztatu behar da. Produktu edo zerbitzu bati buruzko informazioa jasotzeko gure informazioa eskatzen badigute, ziurrenik iruzur baten aurrean egongo gara.
  • Era berean, baztertu egin behar dira produktua edo zerbitzua eskuratzeko aplikazioren bat deskargatzera behartzen duten web-guneak edo produktuak.
  • Egoera horien aurrean, kontsumitzaileek Interneteko plataformetan adierazpen engainagarriak dituzten edo abusuzko kontratazio-baldintzak dituzten produktuak edo zerbitzuak aurkitzen dituztenean, plataformek eskaintzen dituzten tresnak erabili behar dituzte eduki desegokia salatzeko.

Halaber, jardunbide horien berri eman dakieke agintariei www.kontsumobide.eus web-gunean, edo, delituren bat egin dela susmatzen bada, Ertzaintzari jakinaraz dakioke, salaketak jartzeko ohiko bideetatik.