COVID-19arekin kutsatutakoen kopurua 3.946ra iritsi da Euskadin

0

223.640 maskara eta beste horrenbeste eskularru helarazi dizkie Osasun sailak udal eta mankomunitateei, etxez etxeko arretarako; era berean, zaharren egoitzetara ere materiala bidaltzen segitzen du

10.000 detekzio-proba baino gehiago egin dituzte, 1.511 atzo bakarrik, hau da, orain hiru egun baino bi aldiz gehiago

Koronabirusari buruzko informazioa eta gomendioak biltzen dituen Osasun Sailaren web-orriak 70.000 bisita jasotzen ditu egunero

675 kasu positibo berrien ondoren, COVID-19arekin kutsatutakoak 3.946 dira Euskadin. Horietatik 1.375 EAEn ospitalizatuta daude. Atzoko 20:00ak arte 25 heriotza erregistratu zituztenez, 180 lagun dira hildakoak.

 Martxoaren 26ko eguneratzea Kasu positibo berriak Pertsona ospitalizatuak Hildako pertsonak Kasu positiboak GUZTIRA
ARABA 228 325 94 1435
BIZKAIA 349 849 65 1850
GIPUZKOA 98 201 21 661
EAE GUZTIRA 675 1375 180 3946

Osasun sailburu Nekane Murgak eman ditu datuok, COVID-19ak Euskadin duen bilakaeraren berri emateko Eusko Jaurlaritzak egunero eskaintzen duen prentsaurrekoan. Lurraldeka:

BIZKAIAN, 1.850 lagun kutsatu dira, eta horietatik 849 ospitalizatuta daude.

GIPUZKOAN, positiboak 661 dira (horietatik 201 ospitalizatuta daude).

ARABAN, 1.435 kutsatu daude, eta horietatik 325 ospitalizatuta daude.

Orain arte, 10.142 detekzio-proba egin dituzte EAEn, 1.511 atzo bakarrik, hau da, orain hiru egun baino ia bi aldiz gehiago.

Orain arte, sendatutako 89 pertsona daude erregistratuta, eta 532k jaso dute ospitaleko alta.

PROFESIONALEN SEGURTASUNERAKO MATERIALA

Osasun Sailburuak berriro ere azpimarratu duenez, profesional sanitario eta soziosanitarioak gaixotasun honengandik babestuta egon daitezen beharrezko material egokiaren horniketak jarraitzen du izaten sailaren lehentasuna.

Jakitera emandakoaren arabera, atzo bertan helarazi zitzaizkien udalei eta mankomunitateei 223.640 maskara eta beste horrenbeste eskularru, autonomo ez diren pertsonei etxez etxeko zerbitzua eskaintzen duten profesionalen artean banatzeko.

Horrez gain, astelehenean 3.190 mantal, 17.545 maskara eta 319 betaurreko bidali ziren Euskadiko zaharren egoitzetara. Material gehiago banatuko da bidalketa berrien bitartez; gaur bertan egin den moduan: 4.514 mantal, 4.410 eskularru, 2.481 maskara eta hainbat amantal, mahuka-gaineko eta gel.

ERREFERENTZIAZKO WEBGUNEA

Sailburuak jakitera eman duenez, Osasun Sailak COVID-19ra berariaz zuzentzen duen web-orriak 70.000 bisita baino gehiago jasotzen ditu egunero, pandemia hasi aurretik zituen 5.000 bisiten aldean.

 “euskadi.eus/covid-19-koronabirus-berria” orriak gune bakar batean biltzen du orain arte eskura dagoen informazio guztia, baita birusaren hedapena geldiarazteko hartutako neurriak ere. Webgune hori etengabe eguneratzen ari da, eta ebidentzia zientifikoa eta interes publikoa duen informazio guztia biltzen du.

euskadi.eus/covid-19-koronabirus-berria web-orrian, herritarrek eduki hauek kontsultatu ditzakete:

  • Birusaren aurka babesteko gomendio nagusiak, haurrei ere egokituta, baita sintomak izanez gero bakartzeko neurriak ere.
  • Kutsatzeen, ospitalizazioen edo egindako proben kopuruari buruzko informazio eguneratua eta EAEko egoeraren ikuspegi orokorra eskaintzen duen mapa interaktiboa.
  • Sailak argitaratutako informazioko kartelak eta bideoak, deskargatzeko formatuan.
  • Asistentziaren esparruan hartzen ari diren berrantolaketa-neurriak, herritarren eta profesionalen segurtasuna bermatzeko eta pazienteak artatu ahal izateko espazioak irabazteko.
  • Osasunaz bestelako esparruetan herritarrentzat interesgarria izan daitekeen informazio guztia (hala nola garraioa, hezkuntza, dirulaguntza berriak, segurtasuna, kultura edo boluntariotza).
  • Bi gune berri. Lehenengoan, Zaindu zure osasuna etxean izenekoan, ongizate emozionalari, elikadurari, ariketa fisikoari edo loaren higieneari buruzko ikus-entzunezko laguntza-edukiak, aholkuak eta gomendioak jasotzen dira, bizi dugun egoeran osasuna zaintzen laguntzeko. Eta bigarrenak, Informa zaitez ziurtasunez izenekoak, koronabirusari buruzko informazio fidagarria eta zehatza bilatzeko jarraibideak biltzen ditu, sarean dabilen gezur-mukuruari aurre egiteko.