Jantokiko beka jasotzeko eskubidea duten familiek zerbitzua ematen ari ez den egunetan dagokien diru-kopurua jaso ahal izatea arinduko da

0

Hezkuntza Sailak, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren bidez, aurrez aurreko eskolak bertan behera utzita dauden aldi honetan jantokiko bekaren onuradun diren familiek egun horiengatik dagokien diru kopurua jasotzea erraztuko duen jarraibidea onartu du. Covid-19k sortutako osasun-larrialdiko egoerak ikastetxeetako eskola-jarduera presentziala aldi baterako etetea eragin du, eta, ondorioz, eskola-jantokiko zerbitzua etetea ere bai.

Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketetarako laguntzen deialdiaren helburua da hezkuntza berdintasun-egoeran eskuratzeko dauden mugak edo desorekak konpentsatzea. Hala, laguntza jaso dezaketen osagaien artean dago eskolako jantoki-zerbitzua, derrigorrezko irakaskuntza-mailetako eta hezkuntza-premia berezietako ikasleentzat, baldin eta zerbitzu hori erabiltzen badute.

Eragin handiena jasan dezaketen familiei arreta emateko, jantoki-zerbitzua etenda dagoen bitartean laguntza horiek mantendu egingo dira. Hau da, eskola-jarduera presentziala eteten den bitartean, eta, beraz, jantoki-zerbitzua ere bai, dagozkion laguntzak ordaintzen jarraituko da.

Bestalde, egungo osasun-krisiak Hezkuntza Sailaren esku-hartzea eskatzen du laguntza horiek zuzenean familietara irits daitezen eta, era horretan, azken helburua bete ahal izan dezaten.

Horregatik, eskola-jantokirako laguntza jasotzen duten familiek zuzenean jaso ahal izan dezaten, honako jarraibide hauek hartzen dira:

  • Kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoen kasuan, zeinetan laguntzak zuzenean ikastetxeei sartzen baitzaizkie, horiek zuzenean ordainduko dizkiete dagozkien laguntzak familia esleipendunei ahalik eta lasterren, eta banku-transferentziaren bidez. Horretarako, Hezkuntza Sailak ikasle onuradunen zerrenda eta familiei ordaindu beharreko zenbatekoa emango dizkie ikastetxeei.
  • Berdin jokatuko da ikastetxeei laguntza kudeatzeko baimena eman dieten familien kasuan.