Iñigo Urkullu lehendakariak, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediarekin eta Donostiako alkate Eneko Goiarekin batera, Ertzaintzaren eta Donostiako Udaltzaingoaren koordinazio-zentroa bisitatu du. Bertan, Gipuzkoako hiriburuko Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Ekintzak Koordinatzeko Mahaia egin da.
Gaur bildu dira ertzain-etxeak eta udaltzaingo-zerbitzuak dituzten udalerri eta mugape guztietako Koordinazio Operatiborako Mahaiak. Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak martxoaren 16an Euskadiko alkate guztiei helarazitako gomendioari jarraituz egingo dira bilera horiek, sailburuak eskatu baitzien Euskadiko poliziarekin koordinatzeko mekanismoak indartu zitzatela, osasun-larrialdiko egoera honetarako ezarritako konfinamendua betetzeko eta mugimenduak murrizteko neurrietan eraginkorragoak eta efizienteagoak izan ahal izateko.
Donostiako bilera honetan, alde batetik, arau-hauste penalen salaketen egoera aztertu da, eta hor beherakada oso handia ikusi da,% 70 ingurukoa. Lehendakariak azpimarratu du, nahiz eta jaitsiera logikoa izan, salbuespenezko egoeragatik, horrek ez duela segurtasun-sentsazio faltsua sortzera eraman behar. «Oso alderantziz. Gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa da herritarrek eskaintzen duzuen zerbitzuaren gertutasuna sentitzea», adierazi du. Hala, eskerrak eman dizkie Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen kolektiboari, ematen ari diren zerbitzuagatik.
Covid 19ak sortutako egoeraren aurrean herritarrak erakusten ari diren jokabide eredugarria nabarmendu du Lehendakariak, eta azpimarratu du udaltzainek eta Ertzaintzak jarritako salaketa bakoitza dela araua berresten duen salbuespena. «Herritarren jarrera eredugarria da gu guztiontzako, egoera zail honi aurre egiteko indarra eta ahalmena ematen dizkigun jarrera da», gaineratu du.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Koordinazio Operatiboko Mahaiak
Lan-mahai horietan normalean polizia-ordezkariek bakarrik parte hartzen dute, eta mahaien eginkizun nagusia koordinazio-protokolo operatiboak ezartzea eta aztertzea da, Euskadiko Polizia osatzen duten segurtasun-kidego guztien giza eta material baliabideak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen.
Kasu honetan, koordinazio-mahaien helburua da Ertzaintzaren Buruzagitzak, osasun-larrialdiko egoera deklaratu izanagatik ezarritako neurrien jardunbide praktikorako, argitara eman zituen jarduteko irizpideen ezarpena eta hasiera emandako zehapen-espedienteetan duten adierazgarritasuna aztertu eta baloratzea.