Ingurumen Sailak bat egin du Planetaren Orduarekin

0

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak bat egin du Planetaren Ordua nazioarteko ekimenarekin; ekimenaren helburua da herritarrak klima-aldaketaren eta biodibertsitate-galeraren ondorioei buruz sentsibilizatzea. Hori dela eta, datorren larunbatean, martxoaren 28an, 20:30etik 21:30era bitartean, bat egingo du WWFk –ekimena sustatzen duen erakundeak– egindako proposamenarekin, eta herritarrei dei egiten die leihoetara eta balkoietara linternekin irtetera, konfinamendu honetan itxaropen-mezu bat bidaltzeko: “Itzali argia. Dena ondo joango da”, Morse kodearen lengoaia unibertsalean.

Itxaropen- eta elkartasun-mezu horrekin, ekimenak gogorarazi nahi du gizakien osasuna oso lotuta dagoela planetaren osasunarekin, eta beharrezkoa dela biodibertsitatearen galera geraraztea, pertsonen osasuna eta ongizatea ziurtatzeko.

Horregatik, Ihobe sozietate publikoak gogorarazi du eskuragarri dagoela “52 keinu aldaketa klimatikoaren aurka” argitalpena, euskaraz nahiz gaztelaniaz deskargatzeko. Dokumentuak 52 gomendio biltzen ditu, gauzatze-ahaleginaren bost mailatan sailkatuta, herritarren eguneroko ohiturak birbideratzeko eta berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko, etxeetan konfinatuta gauden garai honetan ere.

Planetaren Ordua ekimena Sydneyn (Australia) sortu zen, 2007an. Mundu osoan zehar zabaldu da, eta mundu mailako ingurumen-mugimendu global handienetakoa bihurtu da. Iazko edizioan, esate baterako, 188 herrialdetako milaka hirik parte hartu zuten, eta 17.000 monumentu eta eraikin enblematikok beren argiak itzali zituzten.