Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, Arantxa Tapiak, funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa geldiarazteko dekretua indarrean sartzea baloratu du; Espainiko Gobernuak bart gauean argitaratu zuen dekretua.
Errege Dekretua betetzea
Dagoeneko indarrean dagoen Errege Dekretuari jarraituz, eta, orain arte bezala, OSASUNAREN ZAINTZAREN LEHENTASUNARI erreparatuz, gaur egun agintzen zaizkigun neurrien aplikazioa ahalik eta modurik onenean planifikatzea dagokigu. Ez da erraza izaten ari, dokumentuaren interpretazio desberdinak direla eta, eta enpresa batzuek dagoeneko galdu dute eginda zituzten eskaeren zati bat.
Berrantolatzen saiatuko gara, inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin, eta «biharko egunean» ahalik eta bultzada handienarekin irten ahal izateko.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu, osasun-protokoloa zorrotz aplikatuta, jarduera gaur arte mantendu duzuenoi; eta gogorarazi nahi dizuegu gutxieneko jarduera izan arren, segurtasun-neurriak beti zorroztu behar direla.
Gogoratu behar dugu osasuna eta industria eskutik doazela
Ez dago planteatzerik osasunaren eta industriaren defentsa kontrajartzea. Euskadin, osasun-sistema indartsua eta punta-puntakoa ba industria berritzaile eta intentsiboaren ondorioa delako, besteak beste. Osasuna eta industria eskutik doaz. Industria, gure ekonomiaren motor gisa, gure ongizatearen euskarri eta aliaturik onena da.
Funtsezko zerbitzuak bizi-zerbitzuak bermatzeko
Gaurtik indarrean dagoen Errege Dekretuan agindutakoa bete behar dugula gogorazita, nire babesa helarazi nahi diet osasunegintzako eta elikadura-kate osoko profesionalei, zaindu beharreko bizi-zerbitzuak direlako, orain inoiz baino gehiago. Eta horiei eusteko, oinarrizko eta funtsezko jarduera bat dago, Euskadin industria deitzen dena.
Gure motor ekonomikoa da; itzaltzen badugu, urteetan eraiki dugun gizarte- ongizate sistema erori egingo da.
Horregatik, Euskadin, industriako langileak ere FUNTSEZKOAK ZARETE.
Eskerrik asko gasa, elektrizitatea, Interneteko konexioak eta energia emateagatik, eta farmaziako, osasuneko eta elikagaigintzako ekoizpen-kateetako kide izateagatik. Baita zuen ekoizpen-lerroa utzi eta zuen lantegiak dugun larrialdiaren zerbitzura jartzeagatik ere.