SmartKalea proiektuarekin Kale Nagusian eta Altza pasealekuan instalatutako neurketa sistemek herritarren ohitura aldaketak zenbatetsi dituzte, koronabirusagatik dekretatutako alarma egoeraren ondotik.
Pertsonak zenbatzeko sistemaren kasuan, alderaketak datu esanguratsuak ematen ditu: isolamenduaren lehendabiziko astean (martxoaren 16tik 22ra), 18.215 lagun sartu ziren Alde Zaharrean, martxoaren 9tik 15era bitarteko astean baino % 81 gutxiago, aste hartan 98.137 pertsona izan baitziren.
Etxeetako kontsumo elektrikoa, berriz, % 22 areagotu da, eta pertsonako batez beste 19,56 kW kontsumitu da astean. Argi publiko adimendunak, jendearen joan-etorriarekin aktibatzen direnak, % 23 murriztu dira.
Donostiako Udalaren SmartKalea proiektua, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak abiarazia Donostia Sustapenaren bitartez. 2014an sortu zen, ingurumen jasangarritasuna, efizientzia energetikoa, herritarren partaidetza eta gardentasuna sustatzeko, eta, helburu horretarako, neurri adimentsuak ezarri zituen hiriko hainbat kaletan.
Horrekin loturik, hauxe adierazi zuen Enrique Ramos Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak: “SmartKalea proiektuaren neurketa sistema aurreratu hauek bertako teknologia enpresek emanak dira, eta informazio oso baliotsua eskaintzen digute erabakiak hartzeko garaian. Teknologia horiek ematen diguten informazio guztiaren zati eder bat herritarren eskura dago SmartKalearen webguneko datu plataforman, eta handik egin daiteke informazioaren jarraipena denbora errealean (kontsumoen datu integratuak). Covid-19ak ekarri digun koiuntura ezohiko eta konplexu honetan, IKTak funtsezko erreminta ditugu jarduera ekonomikoaren zati batekin jarraitu ahal izateko, bai eta erabakigarriak diren esparruetarako informazioa eskuratzeko eta kudeatzeko ere”.