Arabako adinekoentzako egoitzetako 39 erabiltzaile hil dira

0

COVID-19 birusean positibo eman zuten Arabako adinekoentzako egoitzetako beste 3 erabiltzaile hil dira azken orduotan. Osasun krisia hasi zenetik, guztira 39 hildako izan dira. Horietatik 7 Aldundiaren zentroetan bizi ziren, 2 lurraldeko udal ekipamenduetan eta gainerako 30ak egoitza pribatuetan.

Hildakoetatik 27 ospitaleetan zendu ziren eta gainerako 12ak egoitzetan bertan.

Araban adinekoentzako dauden 101 egoitzetako batean 18 erabiltzaile zendu dira; beste egoitza batean 3 hildako izan dira; 5 zentrotan bina hildako izan dituzte eta beste 8 egoitzatan hildako bana.

Araban 212 pertsonari diagnostikatu diete koronabirusa. Kasu positiboen igoera azken egunetan koronabirusaren testa egiteko medikuek egindako eskaeren gorakadarekin bat dator. Egoitzek 26 pertsona bideratu dituzte ospitaleetara, hain zuzen ere, osasun egoera larrienean daudenak, eta kasu positibo gehienak (186) artatzen ari dira, osasun sisteman presio handiagorik ez eragiteko.

212 kasu positibo horietatik 134 Araban dauden 86 egoitza pribatuetan daude, 72 kasu Aldundiaren egoitzetan eta gainerako 6ak lurraldeko udal ekipamenduetan. Guztira, Araban adinekoentzako dauden egoitza guztien artean 3.900 plaza daude.

Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako zentroei dagokienez, guztira 15 positibo izan dira eta horietatik 10 ospitaleetan daude, eta, beraz, ez da aldaketarik izan atzodanik.