Arabako erreferentziazko zentro soziosanitario berria abian da jada

0

Gizarte Politiken Saileko foru diputatu Emilio Solak jakitera eman du abian jarri dutela Arabako erreferentziazko zentro soziosanitario berria, COVID-19 duten eta adinekoen egoitzetan eta ospitaleetan dauden adinekoak artatzeko. Foru Gobernu Kontseiluaren bilkuraren ostean, Gizarte Politiken Saileko diputatuak agerraldia egin du Ramiro González diputatu nagusiarekin batera, eta azaldu du zein izan diren lurraldeko gizarte zerbitzuek osasun larrialdiko egoerari aurre egiteko hartutako azken neurriak.

Besteak beste, azaldu du Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE), Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin elkarlanean, zentro berri bat prestatu duela aldundiaren Zadorra egoitzan, eta martxan dagoela jada eta beste egoitza eta osasun zentro batzuetatik iritsitako jendea artatzen ari direla bertan.

Erreferentziazko zentro soziosanitario berri horren helburua da «koronabirus gaixotasuna duten eta zentro gerontologikoetan edo soziosanitarioetan bizi diren adinekoei behar duten laguntza eta zaintza ematea». Zentro horietako langileak babestea da beste helburu bat, bai eta osasun sistema zaintzea ere; horretarako, ahalik eta erabiltzaile gutxien bideratuko dituzte ospitaleetara, alegia, sistema horren beharra dutenak soilik. Erreferentzia zentro berriak 170 pertsonarentzako lekua du gutxienez, eta COVID 19 birusak kutsatuta dauden adinekoak eramango dituzte bertara, baldin eta beren osasun egoerak okerrera egiten badu eta beren zentroetan ezin badiete behar duten arreta eman. Horrez gain, Emilio Solak jakinarazi duenez, zaintza intentsiborik behar ez duten Osakidetzako gaixoak ere eramango dituzte zentro horretara.

Bestalde, foru aldundiak eguneko lau zentro egokitu ditu eta haietara eraman ditu foru egoitzetako zenbait erabiltzaile, artatzen dituzten profesionalek erabaki baitute ez dela gomendagarria pertsona horiek zentro soziosanitario berrira eramatea.

Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak azaldu du beste baliabide bat ere jarri dutela martxan, ezgaitasun intelektuala duten pertsonentzako laguntzadun etxebizitzetan dauden eta positibo eman duten erabiltzaileentzat. Lakuako eguneko zentroan dago baliabide berri hori eta iritsi dira jada lehenengo egoiliarrak. Zentro horretan, inguru zabalagoan, erantzun integralagoa eman ahalko diete COVID-19 kasuei eta arreta egokiagoa eskaini ezgaitasunen bat duten pertsonei.

Koronobirus kasuen eguneraketari dagokionez, Emilio Solak jakinarazi du beste heriotza bat izan dela azken orduotan foru sareko zentro batean. Aitzitik, ez da koronabirus kasu berririk diagnostikatu eta, hortaz, 212 kasu daude une honetan, eta horietatik 21 erreferentziazko zentro soziosanitario berrian daude.