Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin sinatutako kontratu-programen 2020ko finantziazioa 976.000 euroan handitzea

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran adostu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2020 urtean “Unibertsitatea-Gizartea-Enpresa” Kontratu-Programarako Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari emandako finantzazioa 976.000 euroan handitzea.

976.000 euroko kopuru hau, Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa eta Gazte ekintzailetza programak garatzera bideratuko da. Programa hauek “Unibertsitatea-Gizartea-Enpresa” Kontratu-Programan dagoeneko jasorik dauden ekintzen osagarri gertatzen dira. Diru-kopuru hau, honela gelditzen da banaturik, unibertsitate bakoitzeko:

  Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa Gazte ekintzailetza Guztira
Deustuko Unib. 550.000 € 60.000 € 610.000 €
Mondragon Unib. 330.000 € 36.000 € 366.000 €

 

Gaur onartu den finantzazio handitzea, Kontratu-Programak sinatzean dagoeneko 2020 urterako bi unibertsitate hauentzat onartu zen 14,9 milioi euroko kopuruari gehitzen zaio.

“Hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa” programaren helburua da unibertsitate-ikasketetako azken kurtsoan dauden ikasleek edo eta unibertsitate titulu ofizial baten jabe direnek trebetasun handiagoa lortzea; izan ere, profil konkretu bati buruzko gaitasunei lotutako ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak lortuko dira, lan-esperientzia bat egiaztatzeko aukera honen bidez.

Programa honetan parte hartuko duten ikasleek hiru hilabeteko egonaldia egingo dute enpresa batean. Aurrez, unibertsitateak hitzarmena sinatua izan beharko du enpresa horrekin. Unibertsitatea ikasle horien jarraipena egiteaz arduratuko da. Programa hau gehienez bi unibertsitateetako 440 ikasleri zuzenduko zaie.

Bestalde, “Gazte ekintzailetza” programari dagokionez, kultura ekintzailea unibertsitateko ikasleen artean aktibatzea du helburu. Horretarako, laguntza bat emango die eremu horretan sor daitezkeen enpresa-ekimenei eta enplegu berriak sor ditzaketen autonomo eta mikroenpresen ekimenei. Programa hau gehienez bi uunibertsitateetako 16 proiekturentzat izango da.

2019-2022 aldirako Kontratu-Programak

2019ko uztailean, eta 2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Planaren baitan, Hezkuntza Sailak hiru Kontratu-Programa sinatu zituen Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateetako bakoitzarekin. Orotara 200 milioi euro baino gehiagoko finantzazioa (200.086.186 €) jasotzen da lau urterako (2019-2022):

  • “Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea” Programa-Kontratua.
  • “Bikaintasun-ikerketa” Programa-Kontratua.
  • “Prestakuntza eta Nazioartekotzea” Programa-Kontratua.

Kontratu-Programak unibertsitateak finantzatzeko tresna bat dira. Unibertsitate bakoitzaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean adostutako irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa hobetzeko helburuak lortzeak baldintzatzen du finantzaketa hori. Unibertsitate-politikako tresnak dira, eta aparteko baliabide ekonomikoak helarazten dizkiete goi-mailako hezkuntza-zentroei. Hauek jasotzea, aldeen artean adostutako helburu estrategikoak betetzearen baldintzapean dago.

Unibertsitateekin sinatutako “Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea” Kontratu-Programek, besteak beste, unibertsitateen eta enpresen eta beste erakunde batzuen arteko harremana sustatzeko jarduerak egitea aurreikusten du. Beraz, gorago azaldutako programa horiek dagoeneko Kontratu-Programetan aurreikusten zirenen osagarri dira.