Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak 2020rako lan-ildoak eta ekitaldirako ekarpen ekonomikoak zehaztu dituzte

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Beñat Arrabit Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak euskara elkarlanean bultzatzeko konpromisoa berretsi dute gaur goizean, bide telematikoz. 2017-2022 aldirako hitzarmen-markoa oinarri hartuta, eranskin baten bidez zehaztu dituzte 2020rako lan-ildoak, bai eta ekitaldirako ekarpen ekonomikoa ere. Horrela, lankidetzarako esparru zehatzak ezarri dituzte, eta, era berean, erabaki dute 1.930.000 euro bideratzea Ipar Euskal Herrian euskararen munduko hainbat eragile pribatuk egindako lana laguntzera (aurreko ekitaldiko kopuru bera). Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro bideratuko ditu xede horretara, eta EEPk 1.530.000 euro jarriko ditu.

Sailburuak azaldu duenez, “oso emankorra” gertatzen ari Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza. “Badira 13 urte Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko bide berri bati ekin ziotela. Harrezkeroztik, urtero-urtero lehentasunak adosten ditugu eta elkarlanari eusten diogu. Eta nabarmendu behar da bide hori oso emankorra izaten ari dela. Era berean, 2017an Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak akordio bat sinatu genuen hizkuntza politika gaietan hiru instituzioen arteko elkarlanean sakontzeko. Harremanak sendotuz, informazioa trukatuz, errekurtsoak bateratuz, eta proiektuak partekatuz, urrats garrantzitsuak ematen ari gara euskararen sustapenean”, azaldu du.

Gaur izenpetutako akordioa erabat lotua da 2017an Baionan sinaturiko 2017-2022 epealdirako hitzarmen markoarekin, hirugarrena 2007an hizkuntza politika gaietan bi erakundeen arteko lankidetza abian jarri zenetik (aurreko biak 2007-2010 eta 2011-2016 epealdietarako izan ziren). Lankidetza marko horren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berretsi zuten. Era berean, bi alderdiek zehaztu zuten hizkuntza politikaren arloan sustatuko den elkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta elkarren arteko ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertu zuten.

Gaurko hitzarmenak 2020rako honako lan-ildo hauek zehaztu ditu:

  • B2 mailako gaitasun egiaztatze agiri berriaren sortze lanak abiatzea, Eusko Jaurlaritzako HABEko zerbitzuekin elkarlanean.
  • Helduen euskalduntzearen eremuan, EEPk definitzekoa duen esku-hartze estrategia kontuan hartuz, EAEn dauden laguntza dispositiboen azterketa burutzea.
  • Elkarrekin sortutako Euskararen Adierazle Sistemaren garapenari ekitea, sistemaren eta adierazleen egokitzapen lanetan sakonduz eta lurralde bakoitzaren errealitateak hobeki kontuan hartuz.
  • Ekoizpen eta baieztapen linguistikoei dagokienez, EAEko terminologia adituekin lankidetza egituratzea eta iraunkortzea.
  • Eusko Jaurlaritzak garatutako Itzuli itzultzaile neuronalean euskara/frantsesa eta frantsesa/euskara bertsioak txertatzea, horretarako, itzulpen-corpusa EEPk eratuz.
  • 2021an obratuko den VII. Inkesta Soziolinguistikoaren prestaketa lanak abiatzea, bereziki baldintzen adostea eta galdetegiaren lanketa.

Bestalde, Ipar Euskal Herriko eragile pribatuek jasoko duten laguntza nola banatuko den zehaztu da. Iaz bezala, 1.930.000 euroko lankidetzarako funtsa eratuko da, bi aldeen ekarpenez (EEP: 1.550.000 euro eta Eusko Jaurlaritza: 400.000 euro). Lankidetzarako funts hori bi diru-multzotan banatuko da:

  • 798.500 euro ezarriko dira Iparraldeko eragile jakin batzuk diruz laguntzeko, Helburu eta Baliabide Hitzarmenen bidez.
  • 500 euro ezarriko dira beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko, deialdi baten bidez.

Iazko banaketarekin erkatuta, aldaketa nagusia da lehen funtsa areagotu dela (223.500 euro gehiago), orain arte deialdiaren bidez laguntzen ziren eragile batzuk lehen multzora mugituko direlako. Sei eragile izango dira, bost hedabide eta hezkuntzaren arloko eragile bat: Aldudarrak Bideo (web-telebista), Herria (paperezko astekaria), Euskal Komunikabideak (Iparraldeko Hitza paperezko astekaria), Iparla Baigura komunikazioa (kazeta.eus web kazetarentzat), Errobi Promotions (web irrati elebiduna) eta Udako Euskal Unibertsitatea.

Covid 19aren eragina

Koronabirusaren hedapenaren ondorioz, Euskararen Erakunde Publikoak esplizituki eskatu die deialdira aurkeztuko diren eragileei paperezko txostenik ez bidaltzeko, eskaera guztiak posta elektronikoz bideratuko dira eta. Era berean, EEPk gida bat jarri du martxan Covid19aren ondorioek eragingo dieten eragile guztientzat.