Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskal Kirolari programa hasi da euskarazko bideoak partekatzen etxean jarduera fisikoa egin ahal izateko

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako Euskal Kirolari programa hasi da bideoak partekatzen etxean ariketa fisikoa euskaraz egin ahal izateko, goi mailako kirolari euskaldunen eskutik. Ekimenaren helburua da Covid 19aren hedapenaren ondorioz ezarritako konfinamenduak irauten duen bitartean jarduera fisikoa egin ahal izateko baliabideak eskaintzea, orain arte oso material gutxi zabaldu baita euskaraz. Leticia Canales Basque Teameko surflaria, Ibai Gomez eta Luca Sangalli futbolariak, Mikel Landa txirrindularia edota Nerea Perez arraunlaria dira beren egun hauetako entrenamendua erakutsiko duten kirolarietako batzuk.

Gainontzeko herritar guztiek bezala, goi mailako kirolariek beren ohiko jarduera eten behar izan dute eta beren entrenamendua egokitu behar izan dute. Konfinamendua irauten duen bitartean, ohiko entrenatzeko tokia utzi eta eremu mugatuagoetan ekin beharko diote beren eguneroko saioari. Euskal Kirolarik hala eskatuta, Euskadiko erreferentziazko zenbait kirolarik erakutsiko dute nola entrenatzen diren eta herritar guztiek egin ditzaketen zenbait ariketa gomendatuko dituzte. Izan ere, adituek nabarmendu dute oso garrantzitsua dela konfinamendua irauten duen bitartean ariketa fisikoa egitea. Goi mailako aholku horiek Euskal Kirolariren sareen bidez jaso ahal izango dira (Instagram, Facebook eta Twitter).

Bideoak egingo dituzten euskal kirolariak honako hauek dira:

  • Iñi Vicens, fitness prestatzailea
  • Luca Sangalli, Realeko jokalaria
  • Ibai Gomez, Athleticeko jokalaria
  • Odei Jainaga, xabalina jaurtitzailea (Basque Team)
  • Julen Goia, Ordizia Errugbiko jokalaria eta Espainiako errugbi selekzioko jokalaria
  • Lide eta Amaia Erbina, Espainiako errugbi selekzioko jokalariak (Basque Team)
  • Xabier Osa, crossfit egokituko kirolaria
  • Esther Fernandez, yoga
  • Mikel Landa, txirrindularia
  • Leticia Canales, surflaria (Basque Team)
  • Saioa Agirre, gimnasia erritmikoa
  • Asier Garcia, gurpildun-aulkiko saskibaloi jokalaria (Basque Team)
  • Nerea Perez, arraunlaria
  • Ibon Larrinaga, boxealaria
  • Ondiz Lekunbarri, arraunlaria
  • Ander Romarate, Eibarko futbol inklusiboko entrenatzailea

Kiroilari hauek beste kirolari ezagun batzuk izendatuko dituzte etxean egiten duten entrenamendua erakutsi dezaten.

Euskal Kirolari ekimena

Euskal Kirolari ekimena 2017an jarri zen abian. Programa honen helburu nagusia euskara kirol munduan sustatzea da, bereziki gazteen artean. Eta horretarako bi ardatz nagusi ditu: teknologia berriak eta kirolaren munduan erreferentzia izan daitezkeen pertsonak, ‘influencer’-ak. Horrela, bideo laburren eta sare sozialen bitartez kirolari ezagunek euskarak beren kirol jardueran duen pisuaz eta garrantziaz hitz egiten dute, eta terminologiaren inguruko aholkuak ematen dituzte. Ondoren, material hori guztia sare sozialetan, eskola kirolean eta kirol federatuan zabaltzen da.      Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaritzak eta Jarduera Fisikoa eta Kirol zuzendaritzak bultzatu dute Euskal Kirolari.

Azken hiru urtean zehar euskal kirolari onenetako askok, haietako batzuk nazioarteko erreferentziak direnak, parte hartu dute proiektuan.