Funtsezko oinarrizko zerbitzuetako langileentzako ostatuak

0

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak TMA/277/2020 Aginduko eranskinaren aldaketa argitaratu du, funtsezko oinarrizko zerbitzuetako langileei ostatu emateko establezimenduen zerrenda eguneratzeko.

Aldaketa horretan (TMA/305/2020) gogora ekartzen da ezinbesteko oinarrizko zerbitzuetako langileak direla, besteak beste, sanitarioak, garraiolariak, garbiketa eta desinfekzio taldeak, telekomunikazioetako operadoreak, trenbide eta garraioetakoak, arrantza-ontzietako tripulazioak eta salbamenduko jarduerak. (TMA/277).

Ostatu-establezimenduen sare horrekin nolabait ere bermatu nahi da hornikuntza ziurtatzeko mugitu beharra duten eta funtsezko zerbitzuak ematen dituzten langileek beharrezko dituzten ostatua eta otorduak izango dituztela.

Gogora ekarri behar da irekita dauden establezimendu guztiek emango dutela jatetxe-zerbitzua, bai eta ostatu-zerbitzua emateko gaituta daudenean zerbitzu hori behar bezala emateko beharrezkoak diren gainerako guztiak ere. Horretarako, Turismoaren sektoreko establezimendu eta langileentzako jardunbide egokien gidak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren sektoreko protokolo espezifikoek jasotako babes neurriak jarraitu beharko dituzte.

Turismo Sailak eskerrak eman nahi dizkie euren borondatez ezinbesteko zerbitzuetako langileak hartzeko prest agertu diren hotel guztiei, instalazioak irekita mantentzeko egindako ahaleginagatik, ERTEak edo erabateko ixteak etenda, bai eta horietako langileei ere euren arduragatik.

Sonia Pérez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak nabarmendu duenez, “Covid19ren aurkako borroka bezalako egoeratan geratzen da agerian besteen zerbitzura jartzeko lan egiten dutenen balioa. Behar-beharrezko produktuen saltokiei egiten ari diren lana eskertu diegun bezala, ezin gara krisialdi honetan zerbitzua ematen jarraitzea erabaki duten ostalariez ahaztu. Horien laguntzarik gabe gainerako herritarrek ezingo lituzkete beste batzuek ematen dituzten oinarrizko zerbitzuak jaso”.

Argitaratutako zerrendakoez gainera, Gasteizko Hotel Ruta Europa eta Urnietako HK10 Hotela ere zerbitzu horretan sartu dira. Zerrenda aldian behin eguneratuko da egoera eta premien arabera.