Getxoko Udalak merkataritza animatu du ingurune digitala erabiltzera

0

Koronabirusaren krisiak eragindako osasun-larrialdiko testuinguru batean, Getxoko udalak dei egiten die saltokiei, elkarteei, zerbitzu-enpresei, ostalaritzari eta herritar guztiei ingurune digitalean egiten duten jarduera ikusarazteko, eta horrela, udalerrian presente egoten jarraitzeko. Merkataritza-sektoreek bizi duten zailtasunaz jabetuta, Getxoaktibatu programak egoera zail hau baliatu nahi du, merkataritza-sarearekin batera pandemiaren ondoriozko krisia gainditutakoan posizio hobean egoten lagunduko dioten estrategiak pentsatzeko.

Ideia horrekin, GetxoAktibaTU programak, Instagramen bideoak argitaratuz (#GetxoAktibaTU etiketarekin), Getxon mugimendu bat sustatzeko ekimen bat jarri du abian. Hala nahi duten eragileek laguntza izango dute isolamendu egoeran dagoen Getxoko herritarrekin harremana mantentzen eta zabaltzen jarraitzeko. Sare sozial hori aukeratzearen arrazoia da azken urteotan gehien hazten ari dela eta hobekien egokitzen zaiola merkataritza-jarduera ikusarazteko ideiari.

«Nola lagun diezaiekezu Getxoko herritarrei une honetan?» Galderari erantzunez, bideo errazak edo argitalpenak partekatzera gonbidatzen da, aholku edo gomendioekin, erakunde bakoitzak garatzen duen jardueratik abiatuta: landareak edo maskotak zaintzeko jarraibideak, yoga bidez erlaxatzeko gomendioak edo xakeari buruzko irakaspenak, sareko aperitiboetarako alkoholik gabeko koktel bat prestatzeko infusioak edo errezetak aukeratzeari buruzko aholkuak. Horiek guztiak, aurreko edizioetan egin diren jarduerak dira.

Kasu askotan, logikoa den bezala, laguntza beharko da tresna hori erraz erabiltzeko. Hori dela eta, inprimaki bat prestatu da, mugimendu horrekin bat egin nahi duten pertsonek tresna hori zenbateraino ezagutzen duten jakiteko, eta online mintegiak antolatzeko, beharren arabera. Formulario honetara bit.ly/FormularioGetxoAktibaTU estekatik edo www.getxoaktibatu.com webguneko albisteen ataletik sar daiteke.

GetxoAktibaTUk dei egiten die mugimendu horrekin bat egin nahi duten pertsona eta eragileei, prestakuntza-laguntzaren bat behar badute, inprimakia ahalik eta azkarren bete dezaten, mintegien antolaketa arintzeko.

Gainera, prestakuntza-premiarik ez duen pertsona gonbidatzen du mugimendu hori bultzatzera, bere bideoak edo argitalpenak #GetxoAktibaTu etiketarekin argitaratuz, Getxoko zenbait negozio egiten ari diren bezala.