Hondarribiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileek banakako babes ekipamenduak jaso dituzte

0

Hondarribiko Udalak banakako babes-ekipamenduak jaso ditu gaur eguerdian, Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileentzat bideratuko direnak. Hala eman du aditzera Gotzone Larrarte Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

“EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen bidez jaso dugu materiala gaur eguerdian. Hain zuzen ere 340 maskara eta 340 eskularru pare dira, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileei zuzenki banatuko zaizkienak” dio Larrartek.

“EUDELetik esan digutenez, ahalegin guztiak egingo dira banaketa hori astero izan dadin. Banaketa hori unean-unean helaraziko da. Pozik hartu dugu materiala, bai guk baita ziur erabiltzaileek ere”.

“Zerbitzuko erabiltzaile bakoitzeko 5 maskara eta 5 eskularru-pare banatuko dira. Materiala jaso eta berehala eraman dugu Udaleko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua daraman enpresara” amaitu du Larrartek.