Ikaztegietan atxilotu dute elizan lapurreta egiteagatik

0

Gaur, asteartea, goizaldeko hiru eta erdiak aldera, partikular batek Ertzaintzari jakitera eman dio susmagarriak iruditu zaizkion hainbat pertsona ikusi dituela San Lorenzo elizaren inguruan, Ikaztegietako udal-barrutian.

Oriako Ertzain-etxeko patruila bat hurbildu da adierazitako lekura, eta hiru pertsona ikusi ditu elizaren atzeko aldetik irten eta korrika Oria ibairantz alde egiten. Agenteek atzetik segi diete susmagarriei, eta ustezko lapurretako bat harrapatu eta identifikatu dute. Bertara hurbildu den beste patruila batek egiaztatu du elizako bi atek, arkupeko batek eta katekesi-eremura sartzeko beste batek, kalteak zituztela, eta, gainera, palanka egiteko erremintak ere aurkitu ditu. Hori guztia kontuan hartuta, ertzainek arrastatu egin dute polizia-aurrekariak dituen 18 urteko gizonezkoa, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Agenteek ikerketa jarri dute abian, oraindik aurkitu ez dituzten beste bi inplikatuak identifikatzeko.

Bestalde, Ertzaintza ikertzen ari da ea 18 urteko gizonezkoak zerikusirik duen azken asteotan egin diren eta goizaldean Ikaztegietan egindakoaren antzeko ezaugarriak dituzten beste hainbat lapurretarekin. Alde horretatik, ertzainak ikertzen ari dira akusatua inplikatuta ote dagoen joan den otsailaren 23an Alegiako parrokia-etxean egindako lapurretan, martxoaren 5ean autokarabana batean egindako lapurreta-ahaleginean eta martxoaren 13an herri bereko eliza batean egindakoan. Horrez gainera, joan den astelehenean Legorretako trastelekuan egindako lapurreta-ahalegina ere ikertzen ari da. Azkenik, agenteak joan den igandean Ikaztegietako etxebizitza batean egindako lapurreta-ahalegina eta auto batean egindako lapurreta ere ari dira ikertzen.

Arrastatua Ertzain-etxera eraman dute, eta epailearen aurrera eramango dute beharrezko eginbideak amaitutakoan.