Josu Erkoreka: Osakidetza erantzun duina ematen ari da, eta arintasuna, egokitzapena eta erantzun iraunkorra erakusten ari da»

0

Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, bide digitaletik, Osasun sailburu Nekane Murgarekin batera.

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakitera eman duenez, Lehendakariak datorren ostegunean Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorraren aurrean egingo duen agerraldiari begira, Covid19ren krisiari erantzuteko sail bakoitzak gauzatu dituen jarduketak biltzen dituzten agiriak partekatu ditu gaur Gobernu Kontseiluak.

Hala, Erkoreka sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak erabaki asko hartu dituela Koronabirusaren pandemia Euskadin hedatzen jarraitzea eragozteko, betiere hiru lehentasun kontuan hartuta: osasun publikoa babestea eta birusa zabaltzea eragoztea, ezohiko krisialdi honetan egoerarik okerrenean daudenei laguntzea, eta osasun-krisi hau gainditu bezain laster ekonomia eta enplegua leheneratu ahal izateko oinarriak jartzea.

Euskal osasun-sistema proban jarri duen larrialdi-egoera baten aurrean, Jaurlaritzaren bozeramaileak balioan jarri du Osakidetza eskaintzen ari den erantzuna, inoiz ez bezalakoa eta guztiz konplexua den proba honi erantzun duina emateko gai izan baita. «Osakidetza arintasunez jarduteko, egokitzeko eta erantzun iraunkorra emateko gai dela egiaztatzen ari da», adierazi du. Gainera, euskal gizarteak ekimen solidarioen bidez erakusten ari den konpromiso kolektiboa ere azpimarratu du.

Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko krisi honek industrian, enpresa txiki eta ertainetan, autonomoengan edo merkataritzan izango dituen ondorioei aurre egiteko «talka-plana» aipatu du, eta iragarri du neurri horiez gain, gaur, Gobernu Kontseiluak onartu egin duela Euskadiko enpresak finantzatzeko ELKARGIrekin eta finantza-erakundeekin 500 milioi euroko finantzazio lerro berri bat. “Zirkulatzailearen finantzazio-lerro berria da, bost urterako eta zero kostuan, eta urtebeteko gabealdia eskaintzen du», zehaztu du.