Onartu da koronabirusak sortutako kalteberatasun ekonomikoan dauden parke publiko babestuko maizterrak alokairua ordaintzetik aldi baterako salbuestea arautzen duen agindua

0

Gobernu Kontseiluak bidea eman dio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolaren Aginduari. Koronabirusak sortutako kalteberatasun ekonomikoa jasaten ari diren alokairu babestuko parke publikoko maizterrak alokairua eta erkidego-gastuak ordaintzetik ohiz kanpo eta aldi baterako salbuestea arautzen du agindu horrek. Neurri hori alokairu babestuko beste etxebizitza-parke batzuei ere hedatzen zaie.

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du alokairuen ordainketa, COVID-19 funtsaren zuzkiduraren bitartez, eta 2,5 milioi euro bideratuko ditu horretarako.

Osasun-emergentziak eragindako krisialdiaren ondorioz langabezian geratzen diren pertsona guztiak edo, langile autonomoak edo enpresaburuak izanik, diru-sarreren galera edo salmenten beherakada nabarmena —% 40 edo handiagoa— jasaten dutenak hartzen ditu eraginpean.

Kalteberatasun ekonomikoa dagoela irizteko, ordaindu behar den errentaren zenbatekoaren eta erkidego-gastuen baturak etxebizitza errentan hartu duen pertsonaren edo bizikidetzako unitatearen urteko diru-sarrera haztatuen % 30 baino handiagoa izan beharko du. Kalkulu horiek babes ofizialeko etxebizitzei buruzko araudiaren arabera egingo dira.

Salbuespena hil osoen arabera aplikatuko zaie 2020ko apirileko, maiatzeko eta ekaineko errentei.

Eskabideak aurkezteko epea irekita egongo da agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2020ko maiatzaren 31 arte edo, hala badagokio, alarma-egoera amaitu eta hilabete igaro arte.

Eskabideak lehentasunez modu telematikoan aurkeztuko dira www.euskadi.eus/servicios/11022401 webgunean eta Alokabide SA sozietate publikoak webgune honetan dituen kanalen bitartez: www.alokabide.euskadi.eus. Aurrez aurre ere aurkez daitezke Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16. artikuluan aurreikusitako edozein organoren aurrean, baita Zuzenean herritarrentzako zerbitzuaren bulegoetan ere, alarma-egoerak uzten duenean.

Salbuesteko neurriak Vivienda y Suelo de Euskadi SA – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra EA (Visesa) sozietateak aplikatu ahal izango ditu, baita Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien titular diren beste eragile publiko eta pribatu batzuek ere, baldin eta indarreko edozein babes-formularen bitartez alokairuan lagata badituzte.

Kasu horietan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Covid-19 funtsaren kargura ordainduko dizkie aukera horretara bildu diren erakundeei salbuetsi izana egiaztatzen duten errentei dagozkien zenbatekoak. Ondorio horietarako, 2020ko uztailaren 31 baino lehen igorriko dute kobratzeari utzi dioten guztizko zenbatekoari dagokion ziurtagiria.

Alokairu-errenten ordainketatik salbuesteko neurri horiek Gaztelagun, Bizigune eta ASAP programak ere barnean hartzen dituzte.

Eskabidearekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko da, www.euskadi.eus/servicios/11022401 webgunean eskura daitekeen ereduaren arabera. Bertan adieraziko da agindu horretan araututako salbuespenaren onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla.

Eskabidean berariaz adierazi beharko dira familia-unitateko kide guztien diru-sarrerak, 2019 abenduari eta 2020ko urtarrilari eta otsailari dagozkienak, baita eskabidea aurkezten den hilari dagozkionak ere.

Besteren konturako langileek eskabidean adierazi beharko dute zein enpresatan lan egiten duten, enpresa horri ekonomia-jardueraren zein sektore dagokion eta langabezia-egoera zein egunetan hasi den.

Langile autonomoek edo enpresaburuek, bestalde, ekonomia-jardueraren zein sektoretan jarduten duten adierazi beharko dute erantzukizunpeko adierazpenean.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ofizioz kontrastatuko du, Lan eta Justizia Sailarekin edo lan-agintaritza eskudunarekin, Covid-19 gaitzak eragindako osasun-krisiaren ondorioz erabakitako enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat edo beste edozein enplegu-espediente dela besteren konturako langileen langabezia-egoeraren jatorria.

Ofizioz egiaztatuko du, halaber, langabezia-prestazioak kudeatzen dituen erakundearekin, langabezia-egoera zein egunetan hasi den eta zein den langabezia-prestazioen kontzeptupean jasotzen duen hileko zenbatekoa.

Langile autonomoen edo enpresaburuen kasuan, sailak egiaztatuko du eskatzailea benetan dagoela alta emanda eskabidean adierazi duen jarduera-sektorean, eta, orobat, sektore hori martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren arabera jendearentzat ireki ezin diren jardueren zerrendan sartuta dagoela. Eta errege-dekretu horretan sartuta ez dauden sektoreen kasuan, foru-ogasun eskudunak edo, hala badagokio, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak dauzkan datuekin kontrastatuta egiaztatuko du eskabidean adierazi den diru-sarreren galera edo salmenten beherakada gertatu dela.