Atxilotua Bilboko saltoki batetik bi telefono mugikor lapurtzeagatik

0

Ertzaintzako agenteek 20 urteko gizonezko bat atxilotu dute goizaldean Bizkaiko hiriburuan, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Susmagarriak, dirudienez, bigarren eskuko gauzak saltzen dituen establezimendu bateko erakusleihoaren kristala hautsi eta gama altuko bi telefono hartu ditu.

Goizaldeko hiruak eta laurden aldera, partikular batek Ertzaintzara deitu du gizonezko bat, segur aski lapurreta egiteko asmoz, Alde Zaharreko Gurutze Kalean bigarren eskuko gauzak saltzen dituen establezimendu bateko erakusleihoaren kristalari kolpeak ematen ari zela esanez. Berriemaileak gizonezkoaren deskribapena ere eman dio Ertzaintzari.

Ertzaintzaren patruila bat berehala hurbildu da adierazitako lekura, eta Dorre Kaletik sartu da Alde Zaharrera. Sartu denean, ustezko lapurraren deskribapenarekin bat zetorren gizonezko bat ikusi du hurbiltzen. Patruila ikusi duenean, susmagarriak Dendari Kalerantz jo du korrika, eta agenteek bertan harrapatu dute handik pixka batera.

Prebentziozko miaketan agenteek lapurreta jasan duen saltokiko zigilua zeramaten Samsung markako gama altuko bi telefono aurkitu dizkiote gizonezkoari. Bien bitartean, saltokira hurbildu den beste patruila batek jakitera eman du erakusleihoko kristalak hiru zulo handi zituela. Handik laster jakin ahal izan dute agenteek ustezko lapurrak kutxatila bat erabili duela erakusleihoa hausteko, eta ondoren edukiontzi batera bota duela.

Horren guztiaren ondorioz, ertzainek atxilotu egin dute susmagarria, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman eta bertan identifikatu dute 20 urteko gaztea.