Espainiako gobernuaren inposizio berria gaitzetsi eta enpleguaren arloko politika aktiboekin jarraitzeko beharra aldarrikatu du Eusko Jaurlaritzak

0

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuaren “inposizio” berria gaitzetsi du, autonomia erkidegoen -Euskadi barne- prestakuntzari loturiko enplegu-politika aktiboak xede zuten diru-sailak dekretu baten bidez indargabetu baititu. Hau da, lanbide prestakuntzari dagokion kotizazioaren ondoriozko diru-sarrerak, enpresek eta langileek beren lansarien bitartez ordaintzen dituztenak. “Gure eskumenetan indarrez sartzeaz gain, neurri hau langabeen -egungoak zein berriak- beharren aurka doa, egoera honetatik ateratzeko aukeretako bat galduko baitute”, salatu du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Murok.

Espainiako Lan eta Ekonomia Sozialeko ministro Yolanda Diaz buru izan duen Enpleguko eta Gizarte Gaietako Biltzar Sektorialaren barruan, Muro sailburuordeak nabarmendu du “enplegu-politika aktiboak bultatzeko unea dela, langabezian dauden edo egongo diren pertsonek lan-merkatura ahalik eta azkarren bueltatzeko aukera izan dezaten”. Gaineratu duenez, “une oso garrantzitsua da, parekorik ez duen egoera bat eta etor daitekeenari aurrea hartzen saiatu beharra dago”.

Marcos Muroren ustez, “ulertezina litzateke gaurkoa bezalako diru-sail hain garrantzitsu bat edozein unetan indargabetzea; eta are ulertezinagoa oraingo honetan, gure ustez funtsezkoa izango baita datozen hilotan”. Martxoari dagozkion Lanbideren langabetuen erregistroari buruzko datuak bihar jakinaraziko dira eta hila nola joan den ikusita, gorakada nabarmena aurreikusten da Euskadiko langabeen kopuruan.

Langabeen enplegagarritasuna sustatzeko autonomia erkidegoek dituzten funtsezko erremintetako bat ñimiñotu du Lan Ministerioak, politika aktiboak -prestakuntza arlokoak zein beste edozein motatakoak- ezartzeko aukera guztiak deuseztatu eta normaltasuna ahalik eta epe motzenean berreskuratzen laguntzeko erkidegoek daukagun gaitasuna nabarmenki murriztuz. Dekretu berriaren ondorioz, langabezia-prestazioko sistemaren barruko edozein prestazio eta ekintza finantzatzera bideratuko dira funts horiek, babesik gabe geratu diren enplegu-politika aktiboak finantzatu beharrean.

Muro sailburuak aldarrikatu duenez, “Enplegua sustatzea xede izango duten funts, esku-hartze eta programa gehiago abiarazteko unea da hau, behar-beharrezkoa izango baita gure enpresek galdu duten produktibitatea berreskura dezaten. Inoiz baino gehiago, kontratatuak izan daitezkeen pertsona prestatuak beharko baitituzte”.

“Eta Euskadiren kasuan, gainera, neurri honek gure autogobernu ereduaren aurka egin du; izan ere, Ekonomia-itunaren batzorde mistoan negoziatu beharko litzatekeen neurri bat da, dekretu baten bitartez inposatu ordez”, azpimarratu du Murok.