Josu Erkoreka: «Gai batzuetan argi eta garbi aurreratu gara, lehen neurri aitzindariak Euskadin hartu ziren»

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur, Radio Euskadiko “Boulevard” saioan, eta koronabirusaren krisiak Euskadin sortu duen egoera errepasatu du.

Gaur goizean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du gai batzuetan Euskadik argi eta garbi hartu duela aurrea,  aitzindaria izan dela neurriak hartzen, esaterako, ikastetxeak ixteko erabakian. Gainera, Euskadin une bakoitzean beharrezkotzat jo diren neurriak hartu direla ziurtatu du, arlo horretako adituek ematen zuten informazioaren arabera.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren esanetan, Gobernu Zentralaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko komunikazioa arina eta etengabea da. «Aurrekaririk gabeko osasun krisiaren aurrean, arduratsuak izan behar dugu», gaineratu du.

Jarduera ekonomikoaren itxierari buruzko Errege Lege Dekretuari dagokionez, Erkoreka sailburuak adierazi du Gobernu zentrala bera konturatu dela ekonomia osoaren hibernazioa bezalako neurri zorrotz batek hausnarketa merezi zuela, kaleratu dituen ohar argigarriak eta zehaztapenak horren adibide. «Agertokia argitu egin da. Ez da erabateko itxiera, ekonomia suspertzeko ralentiari eustea baizik «, zehaztu du.

Jaurlaritzaren lehentasuna pertsonen osasuna dela azpimarratu du Bozeramaileak, baina osasunaren eta enpleguari eustearen arteko kontziliazioa posible dela ziurtatu du. «Lehentasuna langileen osasuna da, eta, aldi berean, jarduera ekonomikoa ahalik eta gehien mantentzearekin uztartzea», adierazi du. Ildo horretan, erabateko itxierarik gabe eta laneko segurtasuna bermatuta, susperraldia posible izango dela zehaztu du.

Josu Erkoreka sailburuaren arabera, konfinamendua funtzionatzen ari da. «Badirudi euste-fasean eta goi-ordoki fasean gaudela», adierazi du. Gainera, probak egiteko tasa munduko altuenetakoa dela nabarmendu du, 8.000 test milioi biztanleko. «Atzo inoiz baino gehiago egin ziren: 1.500», zehaztu du.

Ospitaleei dagokionez, Josu Erkoreka sailburuak ziurtatu du Euskadik baduela pandemiari aurre egiteko tartea, ohe gehiago dituzten ospitaleak prestatzen ari direlako, berme gehiago eskaintzen delarik. «ZIUen saturazio arriskua ez da hemen existitzen», gaineratu du.