Jesus Arana Ekonomia eta Ogasun zinegotziak (EAJ-PNV), COVID-19ko pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko Zarauzko Udalak hartu dituen neurri ekonomikoak iragarri ditu.
Aranaren esanetan: «udal erabaki hauek Gipuzkoako Foru Aldundiak alor horretan hartutako neurrien baitan hartu dira».
Epeak luzatu
Zergei dagokienez, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga borondatez ordaintzeko epea (martxoaren 2tik maiatzaren 4ra) uztailaren 1era arte luzatu da. Era berean, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) ordaintzeko borondatezko epea atzeratu egin da eta abuztuaren 1etik irailaren 15era bitartean izango da.
Beladoreen tasei dagokienez, udako denboraldiko ordainketa epea bi hilabete atzeratuko da, uztailaren 1etik abuztuaren 3a arte izango delarik. Hileko merkatua bere egoera berrezarri ondoren kobratuko da.
Martxoaren 14an amaitu ez diren likidazioen eta data horren ondoren hasitako likidazioen borondatezko ordainketarako epeei dagokienez, epe horiek ekainaren 1era arte luzatuko dira, horietarako aurreikusitako epea beranduago amaitzen denean izan ezik.
Kuoten hainbanaketa
Jesus Aranak dioenez, «Oro har, tasa eta prezio publikoak prestazioaren eta okupazioaren arabera hainbanatuko dira, aldez aurretik ordaindutako zenbatekoak itzulita, hala badagokio, eta zerbitzuak eta okupazioak berrezarri ondoren dagokion zatia likidatuta, kasu bakoitza aztertu ondoren».
«Itzulketa ofizioz egingo da, hau da, herritarrek eskatu gabe, behin zerbitzuaren etena amaituta», zehaztu du Ekonomia eta Ogasun zinegotziak.
Era berean, Zarauzko Udalak funts ekonomiko bat jarriko du martxan, bere jardueraren derrigorrezko itxiera jasaten ari diren merkataritzari, ostalaritzari eta bestelako jarduera ekonomikoei laguntzeko helburuarekin.
Hipoteka-zorraren moratoriaren eskaera dokumentua
8/2020 Errege Lege Dekretuak (martxoaren 17koa, COVID-19ren inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egiteko ezohiko eta premiazko neurriei buruzkoa) aukera ematen du, kasu jakinetan, ohiko etxebizitza erosteko hipoteka-zorraren moratoria eskatzeko. Eskaera hori egiteko, besteak beste, dokumentu hau behar da: “Etxebizitzan erroldatutako pertsonen errolda-ziurtagiria (agiriak aurkezten diren uneari eta aurreko sei hilabeteei dagozkienak)”.
Udalak erroldaren kudeaketaren arloan daukan antolamendu-ahala eta erantzukizuna kontuan hartuta, erabaki du “Etxebizitzan erroldatutako pertsonen errolda ziurtagiria (agiriak aurkezten diren uneari eta aurreko sei hilabeteei dagozkienak)” ziurtagiria emateko prozedura ezohikoa eta laburra onartzea. Horren helburu bakarra da ohiko etxebizitza erosteko hipoteka-zorraren moratoriaren eskaerari dokumentu bidezko euskarri bat ematea.
Dokumentu honen beharra duten eskatzaileek, eskaera-orria ( www.zarautz.eus udal webgunean dagoena) behar bezala beteta eta sinatuta, eta bertan eskatutako dokumentazioa, posta elektroniko bidez bidaliko beharko dute helbide hauetako batera: haz@zarautz.eus edo errolda@zarautz.eus. Erantzuna ere bide beretik helaraziko zaio eskatzaileari eta bere tramitazioari lehentasuna emango zaio.