10.974 langabe gehiago martxoan

0

Covid-19 pandemiaren eraginak agerian dira, lehenengoz, euskal lan-merkatuan. Aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteen eragina pairatu duten 140.000 pertsonei, martxoan Lanbiden erregistratutako langabezia-zerrendan izena eman duten 10.974 horiek gehitu behar zaizkie. Honela, martxoa amaieran 128.213 langabe zeuden Euskadin. Hil horretan egondako ezohiko hazkunde horren ondorioz, 10.048 langabe gehiago dago urtetik urtera.

Zenbaki hori Lanbideko hileko erreferentzia historiko txarrenen parekide da. 2008ko abendua eta 2009ko urtarrila bitartean 9.456 langabe gehiago egon ziren. Eta 2011ko abendua eta 2012ko urtarrila bitartean, aldiz, 10.473.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusi Borja Belandiak gaur goizean hitz egin du, Lanbideko Zerbitzu Orokorren zuzendari Néstor Arana alboan zuela. Eta metatutako datuak azaltzerakoan aipatu duenez, “nabarmendu beharreko lehen gauza da aldi baterako langileen kontratuak ez direla luzatu, beren jarduera eten egin duten sektoretan”.

Eta gaineratu du azken hilean sektore guztietan egin duela gora langabeziak, zerbitzuen sektoreko hazkundea esanguratsua izan delarik (7.947 langabe gehiago). Zehazki, ostalaritzari loturiko jarduerak izan dira eragin handiena izan dutenak: janari eta edari zerbitzuak (1.725 langabe gehiago) eta txikizkako merkataritza (+922). Beste aldean, langabeziaren beherakada izan duen jarduera bakarra dago: egoitza-zerbitzuetako asistentzia (-261); izan ere, egoitza askok kanpoko langileak kontratatu behar izan dituzte gaixotasuna izateagatik edo aipatuaren aurreko prebentzioagatik baja hartu behar izan duten beren ohiko langileen hutsuneak estaltzeko.

Egungo krisiaren eragina martxoaren 12an, ostegunean hasi zen nabaritzen langabeen erregistroan. Ordura arte, ordea, joera positiboa zen. “Lanbideren ustez, egoera hau gertatu izan ez balitz 2.000 langabe gutxiagorekin bukatuko genukeen hila. Honela, ezohiko egoera honen ondorioz gertaturiko langabezia 13.000 pertsona ingurukoa dela esan genezake”.

Langabeziaren hazkundea nabariagoa izan da 44 urtetik beherakoen artean. 54 urtetik gorakoen artean % 3 eskasekoa izan da. Lurraldeei erreparatuz, hiru lurraldetan egin du gora langabeziak: % 10,91 Araban, % 9,90 Gipuzkoan eta % 8, 66 Bizkaian. Generoei erreparatuz, aldiz, krisiaren eragina gizonen artean da nabariagoa (% 11,85), emakumeen artean baino (% 7,43).

Martxoan, epe laburreko langabeak 9.412 gehiago dira (+% 15,39). Epe luzekoak, aldiz, 1.562 gehiago (+% 2,79). Urtetik urterako datuei erreparatuz, epe luzeko langabeek behera egin dute ( % 3,89). Eta epe laburreko langabeziak gora egin du (% 21,72). “Kalterik handiena izan dutenak gizarte-egoera ahulenean dauden pertsonak izan dira; beren laneko ezegonkortasunaren ondorioz langabezia-zerrendetan aldizka sartzen diren horiek hain zuzen ere eta, horren harira, epe laburreko langabeziak gorakada esanguratsua izan du”, adierazi du Belandiak.

Kontratuak eta afiliazioa

Martxoan zehar, 55.692 kontratazio berri egin dira Euskadin eta horien % 9,91 kontratu mugagabeak izan dira. Kontratuen bolumena % 23,4 murriztu da aurreko hilarekin alderatuz; eta % 25,3 iazko martxoarekin alderatuz gero. Izan ere, normalean kontratazioak gora egiten du martxoan, otsailekoarekin alderatuz. Iaz, 5.820 kontratu gehiago erregistratu ziren. “Pandemiak eragin izugarria izan du ere kontratazioan. Nolanahi ere, aldi baterako kontratazioak mugagabeak baino beherakada handiagoa izan du: % 23,8 eta % 19,8, hurrenez hurren”, azaldu du Lanbideko zuzendari nagusiak.

Afiliazioari dagokionez, martxoan 5.764 lagun gutxiago daude altan, Euskadin. Beherakada -%0,59koa da. Aurreko urtearekin alderatuta, 7.113 pertsona gehiago daude afiliatuta, %0,74ko igoera suposatzen duena. Guztira, 967.389 pertsona daude altan.

Lanbideren jarduera

Borja Belandiak gaur goizean azaldu duenez, Lanbide eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila “hurrengo egunari begira ari dira lanean dagoeneko”. “Euskal enpresek beren jarduerari berrekiten diotenean ikusi ahal izango dugu egoera honek lan-merkatuan izan duen egiazko eragina zein izan den. Datorrenari aurrea hartu behar diogu, neurriak ezarriz eta esku-hartzeak gauzatuz ahalik eta langile gehien ahalik eta epe motzenean buelta daitezen lan-merkatura.

Zentzu horretan, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Gobernu Kontseiluak datorren asteartean onartuko dituen bi neurri aurkeztuko ditu. “Bata, autonomoentzako iragarri dugun laguntza-ildoa da: gizarte segurantzako kuotak eta alokairuak ordaintzea du xede eta 3 milioi eurokoa izango da. Bestea, 6,5 milioi euroko deialdi bat da, euskal udaletxeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazteentzako Berme Sisteman izena emanda duten gazteak kontrata ditzaten. Beren enplegagarritasuna erraztea da xedea, eskarmentu profesionala lortuko baitute”.

Asteotan, halaber, ekimen berriak abiarazteko izapidetzeak bizkortzen ari da Lanbide: Hezibi programa, gazteentzako txandakako lanbide-heziketa dualeko proiektua (2,7 milioi euro); edo enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako 2020ko ekitaldiko laguntza deialdia (42 milioi euro), besteren artean.

Belandiak, bestalde, Espainiako Gobernuak onartu duen neurriaren aurrean Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzak agertu duten aurkako iritzia berretsi du gaur. Izan ere, xede horretarako enpresek eta langileek ordaintzen dituzten lanbide prestakuntzari dagokion kotizazioaren ondoriozko diru-sarrerak galduko baitira. Lanbideko zuzendari nagusiaren ustez, neurri hori “langabeen -egungoak zein berriak- beharren aurka doa, egoera honetatik ateratzeko aukeretako bat galduko baitute”. “Prestakuntza langabezian dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko dugun erreminta onenetariko bat da, lan-merkatura ahalik eta azkarren buelta daitezen”.

Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta

Iragan martxoan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentako prestazio baten titularren kopurua egonkor mantendu da, % 03ko hazkunde ñimiñoa izan baitu (151 pertsona). Onuradun guztiak (titularrak eta beste onuradun guztiak) 359 pertsona gehiago dira.

52.391 titular daude guztira, 2019ko martxoan baino 2.492 gutxiago. Araban 8.102 titular daude, aurreko hilean baino 39 gehiago. Bizkaian, bestalde, 31.822 titular daude, aurreko hilean baino 142 gutxiago. Eta, azkenik, Gipuzkoan 12.467 titular daude, aurreko hileko kopuru berbera.