Euskal erakundeek adostu dute elkarrekin jorratzea Covid 19k kulturaren arloan eragindako krisiari emango zaion erantzuna

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Joxean Muñoz Kultura sailburuordea hiru foru aldundietako, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udaletako, eta Eudeleko kultura arloko ordezkari nagusiekin batzartu dira gaur, era telematikoan, Kulturaren HAKOBAren ezohiko bilera batean. Batzarraren helburua izan da erantzun koordinatu bat diseinatzea koronabirusaren hedatzeak  kulturaren esparruan izan dituen ondorioen aurrean.

Eguerdian egindako bilera horretan, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariak eta Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariak ere parte hartu dute. Gainerako erakundeetako kultur arloko ordezkari gorenekin batera, lehenik eta behin, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko Osasun Larrialdiak eta Alarma Egoerak kultura-ehunean izan dituzten ondorioak aztertu dituzte. Bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek, eta Eudelek azpimarratu dute oso garrantzitsua dela kulturaren arloko enpresei eta partikularrei berariazko kontsulta- eta aholkularitza-zerbitzua eskaintzea, eta, aldi berean, egoera ekonomiko berriari aurre egiteko onartutako laguntzak enpresa eta partikular horiei ere heldu behar zaizkiela.

Bestalde, bileran parte hartu duten ordezkariek nabarmendu dute neurriak hartu behar direla kultur programazioa berreskuratzeko, Osasun Larrialdiaren eta Alarma Egoeraren ondorioz bertan behera geratu ziren ikuskizunak berreskuratuz. Azkenik, erakundeek azpimarratu dute diru-laguntza deialdietako arauak malgutu behar direla, egoera berrira egokituz eta kultur sorkuntzara zuzendutako deialdi publikoak mantentzen saiatuz.

Erakundeetako ordezkariak datozen egunetan bilduko dira berriro krisi honek kultur sektorean izan ditzakeen ondorioei erantzun partekatua eskaintzen jarraitzeko asmoz.

Kulturaren HAKOBA (Herri Aginteen Koordinaziorako Batzarra) administrazio publikoak koordinatzeko batzordea da, eta Eusko Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako kultura-arloko arduradunak biltzen dituena. Kultur proiektuak eta politikak koordinatzea eta partekatzea da helburua, eta maiz biltzen da. Gaurko bilera ezohikoa izan da.

Gaurko bileran honako ordezkari hauek izan dira: Lorea Bilbao, Bizkaiko Euskara eta Kulturako foru diputatua; Harkaitz Millan, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua; Ana del Val, Arabako Kultura eta Kiroletako foru diputatua; Andoni Iturbe, Bizkaiko Kultura zuzendaria; Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Kultura zuzendaria; Inmaculada Sanchez, Arabako Kultura zuzendaria; Gonzalo Olabarria, Bilboko Kultura zinegotzia; Jon Insausti, Donostiako Kultura zinegotzia; Estibaliz Canto, Gasteizko Kultura zinegotzia; Iñaki Lopez Aguileta, Bilboko Kultura zuzendaria; Jaime Otamendi, Donostia Kulturako zuzendaria; eta Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkatea eta Eudeleko ordezkaria.