Bizkaiak gizarte zerbitzuen arloko ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzendutako ezohiko lan-poltsa bat abiarazi du

0
PRUEBA

Bizkaiko Foru Aldundiak ezohiko lan-poltsa bat abiarazi du, lurraldeko egoitza-zentroen sarean lan egiteko behar den gaikuntza lortzeko eskatzen diren ikasketak gaur egun egiten ari diren ikasleak kontratatzeko. Foru Erakundeak ikasleek gainditutako mailen kopuruaren arabera ordenatuko du zerrenda; alegia, zenbat eta gehiago gainditu, orduan eta gorago zerrendan.

Covid-19ren hedapenaren ondoriozko osasun-alertaren testuinguru honetan, kontrataziorako edo langileak lanean hasteko ezohiko neurri gisa, baimena ematen da aldi baterako kontratatzeko —lanaldi partzialean edo osoan— gizarte-zerbitzuen sektoreko eta Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistemako esparruetan dagozkien zerbitzuak emateko eskatzen diren ikasketetako azken urtean ikasten ari diren pertsonak, zeinek oraindik ez duten derrigorrezko titulu akademikoa edo dagokion gaikuntza profesionala.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak kudeatuko du lan-poltsa, bai kontratazioak egiteko, bai halako pertsonen zerrenda bat emateko Bizkaiko gizarte-zerbitzuen arloko foru-sareko erakundeei zein zentroei. Kontratuak obra-kontratuak izango dira, eta Covid19k eragindako larritasun handiko inguruabarrak amaituta azkendu ahal izango dira.  Orduan, Aldundiak Eusko Jaurlaritzari bidaliko dio ikasle horiek egindako jarduera ondorio akademikoetarako aitortzen duen egiaztagiria.

Medikuntzako eta erizaintzako ikasleez gainera, Gizarte-Instituzioetan Mendekotasun-Egoeran Dauden Pertsonei Arreta Soziosanitarioan lan egiteko lanbide-gaikuntzari dagokionez, honako titulu eta ziurtagiri hauek ere kontuan hartuko dira:

  • Erizaintzako zaintza osagarrien teknikaria edo haren baliokideak, klinikako teknikari laguntzailea, psikiatriako teknikari laguntzailea eta erizaintzako teknikari laguntzailea, edo ondorio profesional berekin argitaratzen den beste edozein titulu.
  • Mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arretako teknikaria, edo haren baliokidea, arreta soziosanitarioko teknikaria, edo ondorio profesional berekin argitaratzen den beste edozein titulu.
  • Goi-mailako gizarteratze-teknikaria, edo titulu horren baliokidea.
  • Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte- eta osasun-arreta emateko profesionaltasun-ziurtagiria.

Interesdunek prest daudela erregistratzeko formulario bat bete behar dute, zeina www.bizkaia.eusweb-orri foralean dagoen.