Gipuzkoako Esperientzia Gelak EtxeanMugi ekimena jarri du martxan

0

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Esperientzia Gelak (55 urtetik gorako ikasleak) EtxeanMugi ekimena jarri du abian, COVID-19 koronabirusak eragindako pandemiaren ondoriozko konfinamendu aldian. Jarduera berri hau EHU edonondik programaren esparruan sortu da. Programa horrek irakaskuntza ez-presentziala bultzatzen du konfinamenduak irauten duen bitartean. EtxeanMugi ekimenak bi helburu nagusi ditu: batetik, 55 urtetik gorako ikasleen ongizatea bilatzen du, ariketa fisikoa sustatuz; eta, bestetik, Gipuzkoako Esperientzia Gelakoekin eta, ondorioz, ikaskideekin duten loturari eustea.

«Hastapen hau-azaldu du Amaia Irazustak, UPV/EHUko Gipuzkoako Esperientzia Geletako zuzendariak- garrantzitsua da, ikasleekin harremanetan egoten lagunduko digulako, ariketa fisikoa egiten duten bitartean. Ariketa hori, segur aski, ez lukete egingo «.

EtxeanMugi ekimenak eGelan argitaratzeko materiala prestatzea aurreikusten du. Material horrek jarraibide teorikoak eta ikus-entzunezko materiala barne hartuko ditu, ezarritako ariketen jarraipena egiten laguntzeko. Ariketa horiek aldizka argitaratuko dira online irakaskuntzara joan ezin diren pertsonentzat. BlackBoardCollaborate plataformaren bidez online saioak egitea ere aurreikusten du, proiektuaren lotura eta jarraipena egiten lagunduko dutenak. Astean 2 eskola programatuko dira konfinamenduak iraun arte.

«Gipuzkoako Esperientzia Geletako ikasleei zuzendutako jarduera horiek irakasle aditu eta esperientzia handiko batek diseinatu eta garatuko ditu. Ez da aparaturik edo material espezifikorik beharko; etxean ditugun materialekin egin ahal izango dira saioak, hala nola aulki batekin, arroz-paketeekin … eta beti emango ditugu intentsitate eta zailtasun aukerak, pertsona guztiek, beren gaitasuna edozein dela ere, ariketak jarraitu ahal izan ditzaten. Gainera, saio bakoitzaren amaieran iritziak trukatu ahal izango dituzte, irakaslearekin zalantzak galdetu «.

EtxeanMugi programak barne hartzen dituen jarduerak diseinatzeko, Eusko Jaurlaritzak garatutako Adinekoen Arretarako Planaren jarraibideei jarraitu zaie. Plan horretan Gipuzkoako Esperientzia Geletako irakasle Ana Rodríguezek eta Jon Irazustak parte hartzen dute. Hauek UPV/EHUko AgeingOn taldeko kideak dira. Talde hori diziplina anitzeko taldea da, eta bizitzan zehar ariketa fisikoa ardatz hartuta, esperientzia handia du adineko helduen artean ariketa-esku-hartzeak diseinatzen, gauzatzen eta aztertzen.
«Azken batean, EtxeanMugi ekimena funtsezko tresna da Gipuzkoako Esperientzia Geletako ikasleen bizi-kalitatea hobetzeko, eta lagundu egiten die aktibo egoten, harreman sozialak sendotzen eta oztopo teknologikoak apurtzen», ondorioztatu du Amaia Irazustak.