Hondakinak sailkatzerakoan kontuan hartu beharreko jarraibideak

0

Koronabirusak sortu duen krisi-egoerari erantzuteko, Udal Elkarteko Hondakin Bilketa Zerbitzua etengabe ari da zerbitzua egokitu eta indartzeko neurriak hartzen. Oraingoan, hartutako neurriak gogoratzearekin batera, hainbat jarraibide eman ditu. Guztion osasuna babesteko, herritarrei “erantzukizunez jokatzeko garaia” dela ohartarazi eta hondakinak sailkatzerakoan kontuan hartu beharreko urratsen berri eman du.

Covid-19arekin gaixotutako herritarren bat dagoen etxeetan:

Debekatuta dago COVID-19arekin gaixotutako herritarren hondakinak gaikako bilketarako edukiontzietan (organikoa, ontziak, papera, kartoia, beira, arropa eta ehunkiak….) edota inguruetan uztea.

  • COVID-19arekin gaixotutako herritarrek eta haien zaintzaileek erabilitako eskularruak, musuzapiak, maskarak etab. bildu poltsa itxi batean. Eta sartu bigarren poltsa batean.
  • Poltsa bikoitz hori, etxebizitza horretako gainerako hondakin guztiekin batera, sartu hirugarren poltsa batean eta bota errefusarentzako edukiontzietan.

Erabat debekatuta dago hondakin horiek gaika bereizita biltzeko edukiontzietan edota inguruetan uztea: bota errefusarentzako edukiontzietara.

Gainerako etxeetan:

Beti bezala, gaika sailkatu hondakinak: bota gai bakoitza dagokion edukiontzira.

Gogoratu:

  • Debekatuta dago poltsak edukiontzien kanpoaldeetan uztea.
  • Debekatuta dago hondakin handiak kalera ateratzea
  • Arretaz garbitu eskuak, ura eta xaboia erabilita.
  • Eskualdeko hiru garbiguneak itxita daude

Udal Elkartea etengabe ari da bilketa zerbitzua egokitu eta indartzeko neurriak hartzen. Bilketa guneak indartu dira, behar den lekuetan edukiontzi gehiago jarri dira eta egokitu egin da bilketen maiztasuna. Segurtasun araudiari jarraituz, edukiontzi guneak maiz ari gara desinfektatzen.

Neurri hauek  betetzearen garrantzia gogorarazi nahi dugu. Har dezagun kontuan guztion segurtasuna eta,  batez ere, hondakinak biltzeko zerbitzuko langile guztiena.

Bitartean, Udal Elkarteak lanean jarraituko du, segurtasun neurriak bermatu eta guztion osasuna eta segurtasuna babesteko.