‘IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan’ obrara doako sarbidea

0

Egoera berezi honetan laguntzeko asmoz, datozen bi hilabeteetan, Euskal Herriko Unibertsitateak eta UEUk (Udako Euskal Unibertsitatea) erabaki dute ‘lKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan’ liburua, hezkuntzan teknologiak duen garrantziaz hausnartzen duena, doan deskargatu ahal izatea, pdf formatuan, pertsona gehienentzat baliagarria izango delakoan. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuaren webgunean dago ikusgai obra.

Bi erakundeek 2016-2017 ikasturtean abian jarri zuten ‘IKTak eta Gaitasun Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Prestakuntzan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan’ graduondokoan oinarritzen da obra, eta 32 adituren ekarpenekin osatu da. Mikel Iruskieta eta Montse Maritxalar Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, Amaia Arroyo-Sagasta Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta Abel Camacho Santurtziko Udal Euskaltegiko irakaslea izan dira lan honen edizioaren arduradunak.

«Uste dugu garrantzitsua dela hezkuntzan teknologiak eta gaitasun digitalak lantzea-azaldu dute Montse Maritxalar eta Mikel Iruskieta irakasleek- izan ere, prestakuntza egokia ematen ez bada, eten digitala areagotu daiteke, gure ikasleen nortasun digitala beren hezkuntzatik kanpoko helburuen mende utziz». Liburuaren eta aipatutako graduondokoaren helburu nagusia teknologia digitalak hezkuntzan nola eragin duen aztertzea da, «Nazioarteko ikuspegi batetik, baina bereziki euskal hezkuntzan oinarrituta, eta horrek dakartzan abantailak eta arriskuak erakustea, gaitasun digitaletan trebatuz ikuspegi kritiko batetik. Gure ustez, irakasleek ezagutu behar dute zeintzuk diren testuinguru digitalaren oinarri pedagogiko eta metodologikoak». Horretarako, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle horien iritziz, garrantzitsua da testuinguru digitalak hezkuntzan duen eragina ikuspuntu tekno-pedagogiko batetik aztertzea; adibidez, irakasleek berrikuntza horren aurrean dituzten erronkak ezagutu behar dituzte, beren ikaskuntza eta rol berriak antolatzeko. «Bizi dugun egoera berri honetan, irakasleok bat-batean rol tekno-pedagogiko berriak aurrean  ditugu, hausnartzeko denborarik gabe. Pixkanaka, hezkuntza komunitatean dagoen egoera berrira egokitzen ari gara, dauden arazo tekniko, ekonomiko eta sozialei irtenbideak bilatuz. Liburu hau idazteko unean halako egoerarik aurreikusten ez bazen ere, liburuko kapitulu gehienek irakurleari balio diezaiokete egunerokotasunetik berehalako irtenbide zehatzak testuinguru orokorrean ulertzeko eta hurrengo pausoak zein diren hausnartzeko «, dio Montse Maritxalar irakasleak.

Lanak zazpi atal nagusi ditu: lehen atalean, gaur egun teknologikoki erabiltzeko testuinguru pedagogikoak jorratzen dira; bigarren atalean, konpetentzia digitalak lantzen dira; hirugarren atalean, e-learning testuinguruetarako oinarriak lantzen dira; laugarrenean, hezkuntza digitalerako tresna eta aplikazio erabilgarriak azaltzen dira; bosgarren atalean, gizartearen eta hezkuntzaren inpaktua ikuspegi kritikotik aztertzen da; Seigarren atalean, hizkuntzaren i(ra)kaskuntzaren eta  teknologiaren arteko loturak eta berrikuntzak aipatzen dira, euskara erdigunean dela, eta, azkenik, zazpigarren eta azken atalean, ikerketa digitalaren gaia jorratzen da.