IVAPek hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proba guztiak 2020ko udazkenean egingo ditu

0

IVAPek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, baliogabetu egin du hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko aurtengo lehen deialdia, eta azterketak 2020ko udazkenean egingo dira. Covid-19 birusaren hedapenak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioz, ezin da ekitaldi jendetsurik egin; hori dela eta, IVAPek maiatzaren 9an Barakaldoko BECen egitekoa zen idatzizko proba indarrik gabe uztea erabaki du.

Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko lehen azterketa honetarako onartuta zeuden eskabideak kontuan hartuko dira 2020ko urrirako aurreikusita dagoen bigarren deialdiarako. Hala ere, deialdi honetarako izena emandako pertsonaren batek ez badu bigarren deialdian parte hartu nahi, IVAPi jakinarazi ahal izango dio. 

4.457 ESKABIDE 

2020ko lehen seihilekoari dagokion deialdia, normaltasunez garatu da, eta, gaur egun, parte hartu nahi zuten pertsonek eskabideak aurkezteko epea igarota, deialdi horretan onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratuta zegoen. Guztira, IVAPek 4.457 eskabide zituen erregistratuta 1., 2., 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunak (B1, B2, C1 eta C2 euskara-mailak) egiaztatzeko lehen deialdi honetarako.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak datorren asteazkenean, apirilaren 8an, argitaratuko du Maite Iruretagoiena IVAPeko zuzendariaren ebazpena, deialdi hori indar gabe uzteari buruzkoa.