KZgunea Eusko Jaurlaritzak Euskadin herritar digitalen bultzada sustatzeko sortu duen telezentroen sareak, telelaguntza-zerbitzu baten bidez, herritarren zalantza teknologikoak argitzen lagunduko du, zentroetan fisikoki egotea eskatzen ez duten baina zerbitzu hori behar duten pertsonek erabiltzeko errazak diren kanalen bidez. Beraz, arreta telefonoz edota posta elektronikoaren bidez izango da.
Horrela, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) inguruko edozein zalantza argitzeko laguntza behar duen edonork telefonoz edo posta elektronikoz egin dezake kontsulta. Zehazki, KZgunea sareak babesa eman nahi die laguntza behar duten kolektiboei, batez ere adinekoei, gaur egun etxetik egin behar diren online erosketetan, banku-izapideetan eta abarretan. Gainera, zerbitzu honen lehentasunezko helburuetako bat da beren gaitasun digitalak areagotzeko aholkuak edo jarraibideak behar dituzten familiei laguntza ematea eta, horrela, beren seme-alabei lagundu ahal izatea ikastetxeek Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle guztiei bidaltzen dizkieten online zereginetan. Adinekoen egoitzei ere laguntza ematen diete, senideen eta egoiliarren artean bideokonferentziak egiteko.
IKTen erabilerari buruzko zalantzak dituzten pertsonek kudeaketa-zentroko 945 01 61 00 arreta-telefonoaren bidez edo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako KZguneetako telefonoen edo posta elektronikoen bidez helaraz ditzakete kontsultak.
FORMAKUNTZA PLATAFORMA
Gainera, KZgunea sareko zentroek normalean aurrez aurre ematen diren ikastaro guztietako materiala eskuragarri jarri dute Formakuntza Plataforman eta urrutiko ikastaroen plangintzarekin aurrera jarraitzen dute. Informazio eta Komunikazio Teknologietan interesa duten pertsonek Youtube-ko kanalean edo blogean ere jaso dezakete formakuntza.