Inork ez daki COVID-19 birusagatik ezarritako alarma egoerak noiz arte iraungo duen, eta konfinamendua amaitu ondoren ere, noiz hasi ahalko diren ospatzen ekitaldi jendetsuak. Aurten maiatzaren 17an egitekoak ziren Orion lehenengo jaunartzeak San Nikolas parrokian, baina Unai Manterola parrokoak gutuna idatzi die gurasoei. Haren esanetan, «ez dirudi hilabete barru bete eta bermatu beharreko baldintzak emango direnik hainbeste jende elizan biltzeko».
Horregatik, «arduraz jokatuta», eguna urriaren 4ra atzeratzea erabaki du, «Urola Kostako beste parrokiekin datak adostuta». Eguerdian, 12:00etan izango da hitzordua parrokian.