Orion hiru koronabirus kasu berri atzeman dituzte

0

Igande iluntzeko datuen arabera, 154 lagunek eman dute positiboa koronabirusaren testetan Urola Kostan. Bezperako datuekin alderatuta, zazpi kasu gehiago detektatu dituzte eskualdean. Azken orduetan, Orio, Zarautzen, Zumaian eta Aizarnazabalen eman dira koronabirus kasu berriak.

Larunbatetik  igandera bitartean, Orion izan da hazkunde handiena. 10 kasu positibo izatetik 13ra pasa da 24 orduko epean. Zarautzen beste bi kasu detektatu dituzte, eta 82 herritar daude kutsatuta. Zumaian kasu bat gehiago izan da, eta 34 bizilagunek eman dute oraingoz positiboa. Aizarnazabalen beste kasu bat detektatu dute, eta, igandeko datuen arabera, bi herritarrek dute gaitza.

Eskualdeko gainerako herrietan ez da gorabeherarik izan. Azpeitian zortzi herritarrek dute COVID-19 gaitza, eta Azkoitian zazpik. Getarian eta Zestoan hiruna kasu positibo eman dira; eta Aian bi. Beizaman eta Errezilen ez da oraingoz kasurik baieztatu. Hauek, beti ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko datuak dira, benetan gaixorik dagoen herritar kopurua handiagoa izan daiteke eta.