Ertzaintzak eta udaltzaingoek berriz ere kontrolak egingo dituzte Aste Santuko joan-etorriak eragozteko

0

Ertzaintzak eta udaltzaingoek berriz ere kontrol bereziak egingo dituzte, bihar, asteazkena, hasita, errepide eta garraio-geltokietan, Aste Santuko egunetan joan-etorriak kontrolatzeko. Kontrolen helburua Euskadiko eta Euskaditik kanpoko bigarren etxebizitzetara joatea eragoztea da, alarma-egoeran herritar guztien osasuna bermatzearren. Konfinamendu-neurriak ez betetzea Herritarren Segurtasunerako Legea urratzea da, eta arau-hauste arinen kasuan isuna 600 eurora artekoa izan daiteke eta kasu larrietan hortik gorakoa.

Aurrekoetan bezala, prebentziozko kontrol horien bidez alarma-egoeraren ondorioz ezarritako jarduera eta mugimendu murrizketak betetzen direla bermatu nahi da eta herritar guztien osasuna babestu nahi da. Gogora ekartzen da une hauetan pertsonek, funtsean, baimendutako lan-jarduerak edo premia bizikoak egiteko bakarrik zirkulatu dezaketela bide publikoetatik. Debekatuta daude oporretako edo aisialdiko joan-etorriak, eta konfinamendua ohiko bizilekuan bete behar da.

Ertzaintzaren eta udaltzaingoen patruilek kontrolak jarriko dituzte datozen egunotan, ezarritako debekuak betetzen direla ziurtatzeko. Frogaketa horiek errepidean nahiz garraio kolektiboaren geltokietan egingo dira.

Horrez gainera, gogoratzen da, osasun publikoaren larrialdi eta alarma egoera hau betetzeko, Ertzaintzak errepideetako edo horietako zati batzuetako zirkulazioa eten ahal izango duela, besteak beste, osasun publikoarekin, segurtasunarekin edo trafikoaren arintasunarekin zerikusia duten arrazoiengatik, edo ibilgailu jakinen zirkulazioa mugatu dezakeela adierazitako arrazoiak direla-eta. Bestalde, desplazamenduaren arrazoiak argitasun osoz eta egiaztatzeko moduan justifikatzeko azalpena eskatu ahal izango die gidariei.