Etxebizitza Sailak lortu du Vital-en 500 etxebizitzetako errenteriek 2033. urtera arte alokairuan bizitzen jarraitu ahal izatea

0

Gasteizen Vitalalquiler SL enpresari 500 etxebizitza erosi dizkion Catella izeneko higiezinetako inbertsio-funts suediarrak Etxebizitza Sailarekin konpromisoa hartu du etxebizitza horiek alokairu eskuragarri batekin eskaintzen jarraitzeko 2033. urtera arte —hasieran aurreikusita zegoena (15 urte) baino hamar urte gehiago—. Hala jasota dago sozietate horrek —Ikea-ren fundatzaileak sortua— orain arte Vitalalquiler SL enpresaren jabetzakoak ziren etxebizitzen erosketa-operazioan sinatutako eranskinean.

Gasteizko Salburua eta Zabalgana auzoetan Vitalquiler enpresak sustatutako bi bloke dira. 2008an amaitu ziren bi sustapenak alokatzeko egindako BOEko etxebizitzak dira. Garai hartan Etxebizitza Sailak eta Vital Fundazioak —Vitalquiler programa kudeatzen du— sinatutako hitzarmenaren bidez, jasotako dirulaguntza publikoaren truke, bi sustapenetako etxebizitzak, 15 urtez, alokairu babestuko etxebizitza gisa erabiltzera konprometitzen zen fundazioa. Epe hori amaitzean —2023. urtea—, sustapenen jabetzak saltzeko aukera izango luke. Hala ere, etxebizitza guztiek BOE kalifikazio amaigabea dutenez, hauen prezioak inoiz ezingo luke babes publikoko etxebizitzetarako finkatutako gehieneko zenbatekoa gainditu, eta erosleek etxebizitza babestu bat erosteko markatutako diru-sarreren mugak bete beharko lituzkete.

Etxebizitza Sailarekin —honek ikus-onetsi behar du operazioa BOEko etxebizitzak direlako— aurretik izandako harremanetan, Catella funtsak adierazi du bere asmoa ez dela espekulatiboa, baizik eta higiezin-kudeaketa arduratsua eta iraupen luzekoa egin nahi duela.  Horregatik, erositako 500 etxebizitzak alokairuan eskaintzeko Vital Fundazioarekin sinatutako hitzarmenean jasotako epea hamar urtez, hau da, 2033ra arte luzatzeko konpromisoa hartu du.

Errentariei errenta kalkulatzeko baldintzak mantentzen dira (450 euro/hilabete inguruko batez besteko tasak dituzten errentak dira), eta Kutxabankek egungo eta iraganeko errentariei bere gizarte-ekintzaren kargura ematen zizkien dirulaguntzak (errentaren % 8 inguru) mantenduko ditu.