Eusko Jaurlaritzak 100.000 euro esleitu dizkio Gurutze Gorriari, premia biziko ondasunak hornitzen jarrai dezan

0

Eusko Jaurlaritzak, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenari jarraiki, 100.000 euroko zuzkidura esleitu dio Gurutzeko Gorriari, Gobernuak berak sustatu duen Guztion Artean sarearen bitartez artatzen diren pertsonei premia biziko ondasunak ematen jarrai dezan.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren ustez, interes orokorrekoa da Gurutze Gorriak arlo honetan gauzatzen dituen esku-hartzeak babestea. Izan ere, Guztion Artean ekimeneko call center-ean jaso diren babes-deiak ikusita egiaztatu ahal izan da berebiziko garrantzia duela beste edozein babes-sareren bitartez eskura ezin diren premia biziko elikadura- eta higiene-ondasunen stocka bermatzea. Ondorioz, interes publiko eta sozial bat dago larrialdi-egoera honi aurre egiteko.

Gurutze Gorriak oinarrizko stock bat metatuko du eta premia biziko elikadura- eta higiene-ondasunak helaraziko dizkie beren etxebizitzetan bakarrik edo bikotekidearekin eta familiartekoen babesik gabe bizi diren 70 urtetik gorakoei eta/edo mendeko pertsonei; bai eta gizarte-egoera ahulenean dauden guztiei ere.

Guztion Artean

Covid-19aren pandemiaren ondorioz, gizarte-egoera ahulenean dauden pertsona askok beren osasuna eta ongizatea arriskuan jarriko lukete erosketak edo mandatuak egitera aterako balira. Eta, ondorioz, ez dute aukerarik premia biziko sendagaiak, jakiak edo higiene-ondasunak eskuratzeko kanpoko laguntzarekin ez bada.

Behar-egoera larrienean dauden talde horiei -besteak beste- laguntzeko xedearekin eta laguntza behar duten pertsona horien gizarte-estaldura bermatzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak Guztion Artean izeneko plan bat jarri du martxan. Bere xedea da antolatutako elkartasun-ekimenak sustatzea eta babestea, beti ere beren etxebizitzetan bakarrik edo bikotekidearekin eta familiartekoen babesik gabe bizi diren 70 urtetik gorakoen eta/edo mendeko pertsonen, bai eta gizarte-egoera ahulenean dauden guztien beharrak asetzeko.

Guztion Artean ekimena Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman dituen jarraibideei jarraiki diseinatu da eta erantzun egoki bat ziurtatu ahal izateko beharrezkoak diren zenbait irizpide jaso ditu.

Euskadiko Gurutze Gorriak funtsezko parte-hartzea du programa honetan, babesa edo akonpainamendua behar duten pertsonak artatzen dituzten boluntarioen jarduna koordinatzen laguntzen baitu.