Eusko Jaurlaritzak 450.000 euro onartu ditu euskara ingurune digitalean sustatzeko

0
PRUEBA

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak euskara ingurune digitalean sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak onartu ditu bere gaurko saioan. Aurten, 450.000 euro bideratuko dira zeregin honetara deialdi honen bitartez. Deialdiak bi modalitate izango ditu aurten: batetik, Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten egitasmo ez komertzialak lagunduko dira; bestetik, Interneten euskaraz gain beste hizkuntza batean edo batzuetan zabaltzen diren egitasmo ez komertzialetako euskarazko bertsioak diruz lagunduko dira. Iaz 44 ekimen babestu ziren deialdi honen bidez.

Iaz berrikuntza aipagarri batzuk txertatu ziren diru-laguntza deialdi honetan. Alde batetik, euskarazko komunikabideentzako deialdia berritu zenez, eremu digitaleko komunikazio-proiektuak deialdi honetatik kanpo geratu ziren eta beren beregi diruz laguntzen dira deialdi berrituaren bidez. Bestalde, babesten ziren ‘app’-en ebaluazioa egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen horiek finantzatzeko beste bide batzuk bilatzea.

Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen egitasmoak:

  • Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten egitasmo ez komertzialak (300.000 euro). 2020an abian jarritako proiektu berriak laguntzeaz gain, lehendik zeuden proiektuetan euskarazko funtzio, hobekuntza edo eduki berriak sartzea ere diruz lagunduko da.
  • Interneten euskaraz gain beste hizkuntza batean edo batzuetan zabaltzen diren egitasmo ez komertzialetako euskarazko bertsioak (150.000 euro). Kasu honetan ere, 2020an martxan jarriko diren proiektuez gain, diruz lagunduko da lehendik zeuden proiektuetan euskarazko funtzio, hobekuntza edo eduki berriak sartzea.

Hauek izan ziren azken laguntza deialdiaren bidez diruz lagundutako 44 proiektuetako batzuk: ‘Otsoen Lurraldea’ webseriearen hirugarren denboraldia, A Film to Killen eskutik; Kaixomaitia.eus, Araneten eskutik; Podcast.eus, Xoraturikanen eskutik; Mendiak.eus, Codesyntax enpresaren eskutik; Ahotsak.eus, Badihardugu Elkartearen eskutik; edota Arraten II, Arriguri Kooperatiba Elkartearen proiektua.

Alarma Egoera dela-eta, aginduen eskabideak aurkezteko epeari buruzko argibidea jaso da deialdian. Kontuan izan behar da 2020ko martxoaren 14ko 463/2020 Dekretuari jarraiki, Alarma Egoera amaitu arte epe administratiboak eten egingo direla. Beraz, eskaerak aurkezteko, presentzialki zein telematikoki, alarma egoera amaitu eta biharamunetik hasita hilabeteko epea izango da.