Lanbidek laguntza-deialdi bat abiarazi du, udaletxeek gazte langabeak kontrata ditzaten

0

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren akordioa aurkeztu du gaur Gobernu Kontseiluaren aurrean. Akordioak laguntza-deialdi bat onartu du 2020 ekitaldirako, tokiko erakundeek gazte langabeak kontrata ditzaten 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barruan. 6,5 milioi euro bideratuko dira.

Lanbidek Euskadiko udal tokiko erakundeei emango zaizkien laguntzen arauak zehaztu ditu, aipatu erakundeek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazte Bermearen Sisteman izena emanda duten gazte langabeak kontrata ditzaten. Neurri honen xedea da beren enplegagarritasuna sustatzea, eskuratuko duten eskarmentu profesionalaren bitartez.

Neurri hori Enpleguaren aldeko Europako Estrategiarekin eta 2020 Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat dator.

Gazteen enplegua sustatuko duten formula berriak lortzeko bere esfortzuaren baitan, Lanbidek deialdi berri bat abiarazi du, gazteen enplegua eta garapen pertsonala bultzatzeko xedearekin. Horretarako, enplegu-politiken tokiko dimentsioan oinarrituko da, Euskadiko udaletxeen bitartez. Honela, proposamenak udalerri bakoitzeko gizarte- eta ekonomia-errealitatera hobeto egokituko dira, udaletxeek beren ingurunea sakontasun eta xehetasunez ezagutzen baitute.

Ondoko Udaletxeek izango dute diru-laguntzak eskatzeko aukera: 2020ko urtarrilean 30 urtetik beherakoen artean % 13ko edo gehiagoko langabezia-tasa izan eta, aldi berean, hil horretan bertan adin horretako 10 langabe edo gehiago zituzten udaletxeak; beren menpeko tokiko garapenerako agentziek -nortasun juridikodunak soilik- ere eskaria egiteko aukera dute. Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuak, horrenbestez, deialdian sartuta daude.

Eskariak eredu ofiziala erabiliz aurkeztu beharko dira, egoitza elektronikoaren bitartez. Horretarako, http://www.euskadi.eus webgunera sartu eta Lanbideko webguneko egoitza horretara eramango duen sarbide-lotura bat egongo da.

Eskariak aurkezteko epea amaituta eta aurkeztutako kontratazio-plana eta memoria ekonomikoa deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituztela baieztatu ondoren, udalerri bakoitzari esleitu zaion aurrekontua banatu eta laguntzak esleituko dira kontratazio bakoitzerako, eskarian adierazi diren kontratazioentzat zehaztutako lehentasun-hurrenkera aintzat hartuz.