Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren akordioa aurkeztu du gaur Gobernu Kontseiluaren aurrean. Akordioak ezohiko laguntza berri baten deialdia onartu du. Laguntza horien jomuga COVID-19ak sortu duen osasun-krisia kudeatzeko xedearekin ezarri den alarma-egoeraren ondorioz beren jarduera eten duten norberaren konturako langileak edo langile autonomoak dira.
Honela, 3 milioi euroko zuzkidura duten laguntza hauek emateko prozedura eta bete beharreko baldintzak arautu dira.
Aurreikusitako diru-laguntzak enpresaburu eta profesional indibidualek eta sozietate zibiletako eta ondasun-erkidegoetako bazkideek eskatu ahal izango dituzte, beti ere ondoko baldintzak betetzen badituzte:
- EAEn erroldatuta egotea eta izatezko etxebizitza bertan izatea ere.
- Enpresaren egoitza soziala eta fiskala eta enpresa-jarduera Euskadin izatea. Lantokiak egoitza horretan egon behar du ere.
- Negozio-areto baten maizter izatea, beti ere areto hori eskatzailearen etxebizitzaren parte ez bada edo aretoa beste enpresa batekin partekatzen ez bada; bigarren mailako odolkidetasun-harremanik edo afinitate-harremanik ez badago aretoaren alokatzailearekin; eta alokatzaile gisa jarduten den pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo kide ez bada eskatzailea.
- Arduraldi esklusiboa izatea etenda geratu den jardueran.
Eskariak eredu ofiziala erabiliz aurkeztu beharko dira, egoitza elektronikoaren bitartez. Horretarako, http://www.lanbide.euskadi.eus webgunera sartu eta Lanbideko webguneko (www.lanbide.euskadi.eus) egoitza horretara eramango duen sarbide-lotura bat egongo da.
Eskariarekin batera ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:
- COVID-19ak sortu duen osasun-krisia kudeatzeko ezarri den alarma-egoeraren ondorioz beren jarduera eten behar izan dutenei ematen zaien ezohiko prestazioaren onarpen-ebazpena.
- Negozio-aretoaren alokatze-kontratua.
- Ondasun-Erkidegoaren edo Sozietate Zibilaren eraketaren egiaztagiria.
Laguntzak deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita eskatu ahal izango dira.
Eskariak jasotze-hurrenkeraren arabera aztertuko dira eta deialdian jasotako baldintzak betetzen dituzten guztiak hurrenkera berdin horretan onartuko dira ere, funtsak agortzen diren arte.