Ramiro González: “Premiazko lehentasuna osasuna zaintzea da, eta hurrengo erronka ekonomia lehengoratzea, desberdintasunik gabe”

0

“Premiazko lehentasuna osasuna zaintzea da, eta hurrengo ekonomia lehengoratzea da, desberdintasunik gabe. Uste osoa daukat Arabak ekonomia lehengoratzea lortuko duela krisi honen ondoren, baina arrisku bat daukagu: krisiaren ondoren desberdintasunak sakonagoak izatea. Horregatik, erronka ez da lehengoratzea bakarrik; erronka da ekonomiaren lehengoratzeak desberdintasunak eragoztea, lehengoratze hori denongana iristea, eta horretarako denok sakrifikatu behar dugu”. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak mezu hori bota du Arabako Batzar Nagusietan bideokonferentziaz egindako agerraldian, eta COVID-19aren krisia hasi zenetik bere Gobernuak ezarri dituen neurrien berri eman du.

Gizarte Politiken Saila egiten ari den lan handia izan du ardatz bere agerraldiaren zati handi batek. “Sailaren helburua uneoro izan da birusaren hedapena geldiaraztea, erabiltzaileen eta haiei arreta ematen dieten profesionalen artean zabal ez zedin, bai eta gaixoak artatzea eta haien zaintzaileak babestea ere.” Horretarako, Gizarte Politiken Sailak muturreraino eraman ditu “hasiera-hasieratik prebentzio neurriak eta protokoloak”, eta baliabideak eman dizkie egoitzetako profesionalei.

Hartutako neurrien artean, nabarmendu du abian jarri dela erreferentziazko zentro soziosanitario bat, “positibo eman duten eta laguntza beharrizan handiagoak dituzten egoiliarrak” hartzeko. Horren bidez, arreta hobea eman nahi izan zaie bai adineko egoiliarrei bai langileei.

Diputatu nagusiak iragarri duenez, COVID-19ko proba egin zaie dagoeneko Zadorra, Ariznabarra, Sallurtegi eta Samaniego egoitzetako erabiltzaile guztiei, baita 5 zentro pribatutan ere, horietako batzuetan egoiliar kopuru handia baitago. Asmoa da probak era “intentsiboan” egiten jarraitzea eta, horretarako, azken egunotan Eusko Jaurlaritzatik iritsi diren testak erabiliko dira. Horrez gain, jakinarazi du testak egiten ari zaizkiela Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) langileei, eta horren emaitza guztira 45 positibo izan dira, plantilla osoaren % 3.

Ramiro Gonzálezek onartu du zentro pribatu askotan izan duela eragina koronabirusak, batzuetan beste batzuetan baino handiagoa, baina adierazi du denak ari direla betetzen jasotako aginduak eta jarraibideak eta, hortaz, krisiaren kudeaketan erakunde pribatu horiek emandako erantzuna “eskertu” nahi izan du, bai eta haien “lankidetza” ere.

Dena den, atsekabetuta agertu da, euste neurriak eta osasun protokoloak ezartzeak ez duelako eragotzi kutsatu eta hildako asko izatea Arabako egoitza publikoetan zein pribatuetan. “Errealitatea berbera da beste lurralde eta autonomia erkidego batzuetan ere, baina oso samingarria”, laburbildu du.

Orobat, Ramiro Gonzálezek nabarmendu du “Etxean Zurekin” programa abian jarri dela, mendekotasuna duten pertsonei edo egoera ahulean daudenei zuzendutako etxeko laguntza profesionala indartzeko. Pandemia egoera honetan, beste zerbitzu garrantzitsu bat etxeko laguntza zerbitzua (ELZ) izaten ari dela erantsi du. Zerbitzu horri eutsi egin zaio eta, gainera, gakoa da bakartuta dauden pertsona ahulen egoera gainbegiratzeko.