Aldundiak eta Donostiako Udalak koordinazioa indartu dute coronavirusari aurre egiteko

0

Joan den astean lurralde osoko herri eta hirietako ordezkariekin egin bezala, bilera egin dute gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Donostiako alkateak, Eneko Goiak.

Aztergai izan dituzte Covid-19a herritarrengan eragiten ari den ondorio “lazgarriak”, nahiz gizartean eta ekonomian sortzen ari den inpaktu sozial eta ekonomiko “gero eta sakonagoa”. Bilera modu telematikoan egin dute da eta, bertan, pandemiaren efektuak “ahalik eta gehien” saihesteko eta leuntzeko bi erakundeok martxan jarritako egitasmo eta neurriak partekatu dituzte.

Donostiako Udala konfinamendu egoerari eta pandemiaren eraginari aurre egiteko egiten ari den ahalegina txalotu du Olanok, eta bereziki aipatu du adinekoei eta egoera zaurgarrienean dauden pertsonei eskainitako arreta eta babesa. “Itxialdia luzatzen ari den heinean, gizarte beharrak areagotzen joango dira eta egoera honi elkarlanean erantzuteko konpromiso bateratua berretsi dugu erakundeok”, osatu du diputatu nagusiak.

Landutako gaien artean, koronabirusaren zabalkundea mugatzeko gizarte politiken alorrean abiarazitako Txoke Planaren inguruan aritu dira Aldundiko eta Udaleko ordezkariak, batetik. Bestetik, ekonomiaren alorrean abian jartzen ari den “larrialdizko” neurri sorta partekatu dute.