Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Itzuli itzultzaile neuronalak martxoan erregistratu ditu bere erabilera daturik altuenak

0

Itzuli itzultzaile neuronalak martxoan erregistratu zituen bere erabilera daturik altuenak iragan urriaren erdialdean abian jarri zenetik. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako itzultzaile neuronal honek 4.757.801 itzulpen egin zituen martxoan, ia-ia otsailean halako bi (2.518.550). Martxoan zehar egin ziren itzulpenen % 56 gaztelaniatik euskarara egin ziren, eta % 44 euskaratik gaztelaniara. Itzuli itzultzaile neuronalak (www.euskadi.eus/itzuli helbidean erabil daiteke), halaber, euskaratik frantsesera eta frantsesetik euskarara itzultzeko aukera eskainiko du uda baino lehen, Eusko Jaurlaritzaren eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko akordioari esker.

Itzultzaile neuronal honek martxoan izan dituen erabilera-datuei erreparatuz gero, ondoriozta daiteke Osasun Larrialdiaren eta Alarma Egoeraren eraginez ezarritako konfinamenduak nabarmen areagotu duela haren erabilera. Izan ere, martxoaren 2tik 8ra bitarteko astea eta martxoaren 23tik 29rakoa (bigarren hau konfinamenduan erabat murgildurik) alderatuz gero, erabilerak bikoiztu egin zirela ikus daiteke (745.606 erabilera martxoko lehen aste osoan, eta 1.524.010 itzulpen martxoaren 23tik 29ra bitartean). Gainera, martxoaren 31 izan da Itzuli abian jarri zenetik itzulpen gehien egin diren eguna, guztira 279.537 itzulpen egun bakarrean.

Itzuli itzultzaile neuronala 2019ko urriaren erdialdean jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak. Ordutik hona, hilabetekako konparazioari erreparatuz gero, martxoaren (4.757.801 itzulpen) ostean, otsaila izan da erabilera altuena izan duen hilabetea (2.518.550); ondoren, urtarrila (1.841.813), abendua (1.011.601) eta azaroa (774.082) kokatzen dira. Beraz, gero eta gehiago erabiltzen da itzultzaile neuronala. Era berean, erabilera asteko egunen arabera aztertuz gero, asteburuetan beherakada nabarmena ikusten da, nahiz eta egun horietan ere erabilera handia izan. Astelehenetik ostiralera egiten den erabilera altu horrek erakusten du Itzuli asko erabiltzen dela lan arloan, administrazioan eta arlo akademikoan.

Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, Itzuli itzultzaile neuronalak euskara-frantsesa eta frantsesa-euskara bertsioak eskaini ahal izango ditu uda baino lehen. Urrats berri hori Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskararen Erakunde Publikoak joan den asteartean sinatu zuten akordioari esker izango da posible. 2020rako sinatu duten lankidetza-akordioaren arabera, bi erakundeek pausoak emango dituzte bide hori lehenbailehen errazteko. Horretarako, Euskararen Erakunde Publikoak bere itzulpen memoriak eskainiko ditu, itzultzaile neuronalaren frantsesarekiko gaitasuna elikatuz eta trebatuz. Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak ere bere itzulpen-memoriak utzi ditu horretarako, eta laguntza handikoak izango dira. «Itzultzaile neuronalek, kalitatea eskaintzeko, corpus elebidun oso zabalak behar dituzte. Itzulpen memoriak behar dituzte. Horri esker, euskara-frantsesa/frantsesa-euskara bertsioek ere kalitate handia eskainiko dute», adierazi du Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Itzultzaile neuronala

Gobernantza Publiko eta Autogobernu, eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailek bultzatuta, joan den urriaren 16an aurkeztu zuten Itzuli itzultzaile neuronala. Tresna berri hau hainbat urtetako lanaren emaitza da, eta IVAPek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, 20 urtez bildutako itzulpen-memoriak erabiliz inplementatu da. Eusko Jaurlaritzak itzultzaile automatikoen garapenean hamarkada bat baino gehiago eman duen arren, itzultzaile neuronalak jauzi kualitatiboa dakar, sare neuronalen bidez funtzionatzen baitu, adimen artifizialari esker. Itzulik kalitate handiko itzulpenak eskaintzen ditu, baina beti gainbegiratu behar dira..

Tresna honen helburua ez da itzultzaileen kualifikazio handiko lana ordezkatzea, baizik eta lan munduan, arlo akademikoan, administrazioan edo kulturaren esparruan bi hizkuntzak erabiltzen dituztenei tresna berritzailea eta eraginkorra eskaintzea.

Itzultzaile neuronala erabiltzea oso erraza da. Erabiltzaileak itzulpenaren norabidea (euskaratik gaztelaniara, edo alderantziz) hautatu behar du eta, ondoren, testu horretarako prestatutako gunean sartu. «Itzuli» botoia sakatuz, itzulpena segundo bakar batzuetan izango da eskura. Itzultzaileak 4.000 karaktereko testuak itzul ditzake erabilera bakoitzeko, baina erabiltzaileek mugarik gabe erabil ditzakete.