Osakidetzak, bere osasun-ikerketako institutuen bitartez —Bioaraba, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune—, COVID-19ri aurre egiteko ikerketa klinikoko 60 proiektu edo azterketa ingurutan hartzen du parte. Proiektuak nagusiki bideratuak daude koronabirusak eragindako pneumoniaren tratamendura, birusaren azterketa epidemiologikora, diagnostiko goiztiarrera edo gaixotasun honek duen inpaktu sozioekonomikora.
Osasun sailburu Nekane Murgak eskerrak eman dizkie BIOEF fundazioak koordinatzen dituen Euskal Osasun Zerbitzuko osasun-ikerketako institutuen sareko ikertzaileei, hauek egiten ari diren esfortzuagatik. Ikertzaile horiek “elkarrekin” eta “euren ezagutza herritarren zerbitzura jarriz” ari dira lanean pandemia honi eraginkortasunez erantzun ahal izateko.
Garapen-fasean dauden proiektuen artean, bost nabarmendu behar dira, institutu horien artean zein Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko beste eragile batzuekin erakutsitako lankidetza-mailagatik.
- Koronabirusa hautematea paziente sintomatikoen eta asintomatikoen lagin klinikotan oligonukleotidoen zunda erabiliz. Gaixotasuna hautemateko proba azkarra, segurua eta merkea da. Somaprobes enpresarekin —enpresa sustatzailea— elkarlanean, hiru ikerketa-instituturen bidez egiten ari diren proiektu bat da. Bertan, hautemate-mekanismoa haurduntza-testa egiteko erabiltzen denaren oso antzekoa da.
- ‘Solidarity’ izeneko hainbat zentoren arteko entsegu klinikoa. Entsegua OMEk sustatzen du eta birusen kontrako lau tratamenduk ospitaleko heriotza-tasan eta pazientea ospitalean egongo den denboran dituzten efektuak ezagutzeko helburua du. Proiektu honetan Euskadiko zentro sanitario nagusiek hartzen dute parte ikerketa-institutuen bitartez.
- SARS CoV 2 bidezko infekzioagatik gaixondoko emaileen plasma-infusioaren eraginkortasuna. Birus honek eragindako pneumoniaren tratamenduan gaixotasuna gainditu duten pertsonen plasma-infusioaren eraginkortasuna analizatzen du. Infusioaren eraginkortasuna ezagutzeak beste tresna terapeutiko bat erabiltzeko aukera emango du eta ZIUn tratamendua jaso beharko duten pneumonia larriko kasuen kopurua murriztu ahal izango da. Proiektu hau Barrualde-Galdakao ESIn garatzen ari dira.
- CoVid19-ren ondoriozko Ospitaleratzea eta Bilakaera Epidemiologikoaren Modelizazio Aurreratua Denbora Errealean. Adin-taldeen arabera gaixotasunaren bilakaera aurreikusten saiatzen da, baita ospitaleratzeak eta zainketa berezien premia ere. Aurreikuspen horiei esker Lehen Mailako Arretako baliabideen, ospitaleko baliabideen eta zainketa kritikoen erabilera behar bezala planifikatu eta kudeatu ahal izango da. Proiektu hau Kronikgunek zuzentzen du.
- SARS-COV-2ren aurkako antibiral gisa ACE2ren azpidomeinuen diseinu eta ebaluazio aurreklinikoa. Diseinu konputazional bidez gaixotasunaren tratamendurako antibiral gisa erabili ahal izateko molekula berriak garatzera bideratuta dago. CIC-nanoGUNE zentroarekin batera Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuak zuzentzen duen eta beste erakunde batzuen —UPV/EHU, Donostia International Physics Center edo CSIC— laguntza jasotzen duen proiektu bat da.
Halaber, Osasun Sailak eta Osakidetzak jakinarazten dute Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuak Instituto de Salud Carlos III (ISCII) izeneko institutuaren osasun-ikerketako institutu gisa zuen agiria berritu duela. Eskuratutako agiriak kalitate-zigilua eta datozen bost urteetan zentroen elitean egoten jarraituko duela adierazten du.
DATUEN EGUNERATZEA
Guztira 9.806 pertsona kutsatuta daude koronabirus bidez Euskadin, atzoko 20: 00ak arte 354 positibo zenbatu ondoren. Horietatik 1.485 gure ospitaleetan daude. Gainera, 689 pertsona hil dira Koronabirusarekin Euskadin.
Lurraldeka, hona hemen hautemandako kasu berrien banaketa:
- Araban, 2.868 kasu zenbatu dira (horietatik 219 ospitaleratuta daude).
- Bizkaian, 5.182 pertsona. (Horietako 951 ospitaleratuta daude.)
- Gipuzkoan, 1.756 positibo izan dira. (Horietatik 315 ingresatuta daude).
Euskadik ahalegin handia egiten jarraitzen du detekzio goiztiarrean: guztira 26.204 test egin dira, 1.780 atzo bakarrik, eta horietatik% 21ek eman zuen positibo. Gainera, datu positibo gisa, nabarmendu behar da errekuperatutako eta alta emandako pertsonen artean 4.510 direla guztira.
Eguneratzea martxoak 28 | Kasu positibo berriak | Ospitaleratuta dauden pertsonak | Hildako pertsonak | Kasu positiboak GUZTIRA |
ARABA | 62 | 219 | 237 | 2.868 |
BIZKAIA | 214 | 951 | 349 | 5.182 |
GIPUZKOA | 78 | 315 | 103 | 1.756 |
GUZTIRA EUSKADI | 354 | 1.485 | 689 | 9.806 |