BetiON telelaguntza-zerbitzuak erabiltzaileentzako arreta indartu du doako 900 linea batekin

0

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak doako 900 linea bat gehitu dio betiON telelaguntza-zerbitzuari, etxean laguntzeko gailuak areagotu eta zerbitzua indartzeko, Covid-19aren osasun-krisiak eragindako inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egitea helburu dela.

Horrela, onuradun berriaren etxean gailua instalatu ahal izan arte, betiON telelaguntza-zerbitzua 900 linea baten bidez eskainiko da, guztiz doan, adineko edozein pertsonak teleoperadoreen arreta jaso ahal izatea bermatzeko.

Bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei, mendetasun-maila aitortua duten 65 urtetik gorakoei, ezinduei eta beste hainbat kasuri zuzendutako zerbitzua da, eta balorazio indibiduala egin ondoren emango da.

“Neurri honekin bilatzen dugun helburua da arretan erantzuna bizkortzea. Telefono horrek etxean segurtasuna eta lasaitasuna areagotzen dituela uste dugu, larrialdi bat gertatuz gero baliabideak mugiarazteko edo osasun-zalantzarik izanez gero harremanetan jartzeko aukera ematen duelako, adibidez”, adierazi du Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariak.

Horrela, hemendik aurrera 900 doako linea honen bidez betiON telelaguntzako eragiketa-postura sartzen diren telefono-deiak edozein gailutatik jasotako beste edozein dei bezala tratatuko dira, eta horrek gainerako erabiltzaileentzako zerbitzu-prestazio berberak (domina-sakagailua izan ezik) eskaintzea ekarriko du.