Funtsezkoa ez den lan-jarduerari berriz ekingo zaion honetan, Segurtasun Sailak, Euskadiko babes zibileko boluntarioen bidez, 495.000 maskarilla higieniko banatuko dizkie bihar, asteartea, eta etzi, asteazkena, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publiko kolektiboaren gune nagusietan, euren lantokietara itzuliko diren pertsona guztiei.
Osasun Ministerioak emandako maskarilla horiek lurralde bakoitzeko biztanleriaren eta aurreikusitako bidaiari-kopuruaren arabera banatuko dituzte. Horrela, babes zibileko boluntarioek 258.000 maskarilla banatuko dituzte Bizkaian, 162.000 Gipuzkoan eta 74.000 Araban.
Araba
Gasteizen Gurutze Gorria arduratuko da autobus-geltokietan, autobus-geralekuetan (Tuvisa, Arababus), Euskotrenen tranbia-geralekuetan eta ADIFen geltokian maskarillak banatzeaz.
Bestalde, babes zibileko tokian tokiko elkarteek banatuko dituzte maskarillak Euskotrenen Amurrioko eta Laudioko geltokietan, eta Gatzaga Buradon eta Gaubea herrietan.
Gipuzkoa eta Bizkaia
Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, maskarillak banatzeaz DYA eta tokian tokiko babes zibileko elkarteak arduratuko dira, eta, besteak beste, honako instalazio hauetan banatzea aurreikusten da: Bilboko eta Donostiako autobus-geltokietan, Bilboko Metroaren (L1-L2) eta Euskotrenen (L3, sare nagusia eta Topoa) geltokietan, bai eta autobus-operadoreen geralekuetan (Dbus, Bilbobus, Lurraldebus eta Bizkaibus) eta hiru lurralde historikoetako Renfe-Aldiriko geltokietan ere.
Gogoratu behar da maskarillak erabiltzea ez dela derrigorrezkoa, eta osasun-gomendio nagusia dela distantzia soziala mantentzea eta eskuak sarri garbitzea.