Aktibatu da LAIAplazara web gunea

0

Arabako Foru Aldundiak eta lurraldeko kuadrilletako eta udaletako teknikariek abian jarri dute LAIAplazara proiektua, zeina gune birtual bat baita, eta han, Arabako emakumeek beren ardura eta bizipenak partekatu ahal izango dituzte, elkarrekin konektatzeko aukera izango dute, eta euren premiak plazaratu eta haiei erantzun ahal izango diete COVID-19ak eragindako konfinamendu egoeran. Horra guztira iristeko, laiaplazara.eus estekaz baliatu ahal izango dira.

Ekimen horren xedea da emakumeei aukera ematea beren etxeetatik ateratzeko plaza publikora modu birtualean eta erantzun bat adostea gizarte bakartze egoera honi aurre egiteko, zaila da-eta talde harremanak izatea. Hori lortzeko, LAIAEskola Arabako Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Eskolak azken urteetan sortutako sarea erabiliko da.

LAIAplazara gune dinamiko bat da, erraz erabiltzekoa, erakargarria eta parte hartzekoa; hortaz, interesatuta dauden emakumeek beren ekarpenekin parte hartu dezakete eta edukiak heda ditzakete. Foro ireki batekin hasiko du bere ibilbidea. Lehenengo egingo dena da emakumeei galdetu ea nola bizitzen ari diren konfinamendu egoera hau; gainera, gune bat egongo da sormen espresioak partekatzeko, baita galdera eta iradokizunetarako postontzia ere.

Apurka-apurka, abian jarriko dira beste baliabide batzuk, hala nola liburutegi ireki bat, prestakuntza guneak eta emakumeak teknologia berrietan ahalduntzeko baliabideak. Horrez gain, atal bat egongo da gizarteko eta erkidegoko baliabideekin, balioko duena emakumeei laguntzeko koronabirus garaietan, besteak beste genero indarkeriaren biktimentzako arreta zerbitzuak.

Web gunean, gainera, tresna hori erabiltzen dutenek adierazitako egonezinei erantzungo zaie, pilulen bidez, Youtubeko edukien bidez, landa inguruneko emakumeen jakituriaren bidez, baliabideei buruzko informazioaren bidez, edo eragile feministek galdera zehatz horiei erantzunez.