Behin-behineko aparkalekua sortu du Barakaldok Gurutzetako osasun-langileek erabil dezaten

0
PRUEBA

Barakaldoko Udalak Osakidetzarekin elkarlanean jarraitzen du osasun-krisiari aurre egiteko zereginetan. Horrela, bada, Gurutzetako ospitaleak osasun-langileak modu erosoagoan aparkatu ahal izateko espazio bat aurkitzeko egindako proposamena aztertu ondoren, Amaia del Campo alkateak hurbileko bi ikastetxetako patioak aparkaleku gisa jartzeko beharrezko jarraibideak eman ditu. «Eskua luzatu behar diegu birusaren aurka lehen lerroan borrokan ari direnei, harengandik babesten gaituzten eta egunero Gurutzetako ospitalera gure alde lan egitera joaten direnei, alegia», adierazi du alkateak.

Hori horrela,  doako 125 aparkaleku izango dituzte osasun langileek hemendik aurrera ospitaletik gertu dauden bi ikastetxetan: Juan Ramon Jimenezen eta Gurutzetan. Gurutzetako ospitaleko osasun-langileek soilik erabil dezaketen espazioa da, eta gune horretan aparkatzeko baimena ematen dion identifikazio-txartel bat eraman beharko dute. Aparkaleku berriak zaintza izango du, eta ospitaleko langileei laga zaien erabilera esklusibotasuna errespetatzen ez dutenak zigortuko dituzte. «Garrantzitsua da auzokideok kontuan hartzea osasun-langileek soilik erabiltzeko gunea dela, eta une honetan erraztasun guztiak behar dituztela beren lana egiteko», nabarmendu du Del Campok.

Udalak duela egun batzuk San Eloy ospitaleko osasun langileei zerbitzu bera eskaintzeko martxan jarritakoaren parekoa da beste neurri hau ere, Meatze Eskola zaharreko zabalgunean egokitu baitzen haientzako aparkalekua.