Barakaldoko Udaltzaingoak bi gizon atxilotu ditu Aste Santu honetan droga-trafikoaren modalitatean osasun publikoaren aurkako delitu bana egotzita, Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Zinegotzigoak jakinarazi duenez.
Lehenengo atxiloketa asteazkenetik ostegunera bitarteko goizaldean izan zen, Kareagan. Udaltzainek ibilgailuan zerbait ezkutatzen saiatzen ari zen gizon bat harrapatu zuten. Orduaren eta gizabanakoaren urduritasun-jarreraren ondorioz, susmagarritzat jo zuten poliziek, eta egiaztatu ahal izan zuten gizonak (J.D.B.G., Barakaldon bizi da) 60 gramo kokaina, 30 gramo haxix, 5 doitasun-baskula eta 300 euro ezkutatzen zituela bere ibilgailuan. Droga kopuruak 5.000 euro inguruko balioa izan zezakeen merkatuan.
Igande arratsaldean izan zen bigarren atxiloketa. Lasesarre auzoko lonja batera joateko eskatu zioten Udaltzaingoari. Bertaratu zirenean, inguruko garaje batera bidean bi gazte presaka alde egiten ari zirela ikusi zuten agenteek. Atzetik jarraitu, eta garaje barruan zeudela, ibilgailu baten ondoan zerbait manipulatzen ari zirela ikusi zuten.
Jarrera horrek Udaltzaingoaren susmoak ernatu zituen; izan ere, ibilgailua aztertu ondoren, maletategiaren barruan landare-substantzia berde bat (ustez marihuana) zuten bederatzi poltsa aurkitu zituzten ezkutatuta, bakoitza bere pisuarekin eta bakoitzaren balioarekin etiketatuta: 24 poltsa huts erabiltzeko etiketatuta, eta 145 euro 5, 10 eta 20 euroko billetetan. Ibilgailuaren jabeari (R.C.L.) droga-trafikoko delitua egotzi diote.