Bizkaiko hiru parketxeek 42.709 bisitari jaso zituzten 2019an

0

Bizkaiko hiru parketxeek (Armañon, Gorbeia eta Urkiola) 42.709 bisitari jaso zituzten iaz; horietako gehienak Euskal Autonomia Erkidegokoak eta Estatukoak. Interpretazio-zentrorik bisitatuena Armañongoa izan zen, 15.683 bisitari jaso zituena; Urkiolatik 14.355 pertsona igaro ziren eta Gorbeiatik, 12.671.

Armañongo kasuan izan ezik, foru ekipamendu horietara joaten diren pertsona gehienak aste barruan joan ohi dira; Armañonen, berriz, lanegunetan eta asteburuan erregistratzen den bisitari-kopuruaren artean oreka bat dago. Horretaz gain, parketxeen erregistroan jasotzen denaren arabera, bisita gehienak taldean egin ohi dira.

Azken horien artean, gehienak aipaturiko zentroek eskaintzen dituzten programa didaktikoetara lotuak daude, eta guztira, urtean zehar, 13.697 ikasle bildu dituzte, 303 taldetan banatuta.

Parketxeek asteburuetan antolatzen dituzten jarduerek ere harrera ona izan dute; eta hori argi ikusten da kontuan hartzen bada iaz garatu ziren 77 jardueretan parte hartu zuten pertsonek 10etik 9,4ko batezbesteko nota eman diotela.

Armañonen, bisita gehienak udaberriaren amaieratik abuztura bitartean pilatzen dira. Hil honetatik apirilera bitartean bisita guztien % 63,7 erregistratu da. Aldi horretan, honela eman da banaketa, altuenetik baxuenera: abuztuan, 2.320 pertsona; ekainean, 2.250; maiatzean, 1.897; apirilean, 1.789, eta uztailean, 1.740.

Interpretazio-zentroan ez dago desberdintasun nabarmenik lanegunetan eta asteburuetan jasotzen diren bisitarien artean; baina azpimarratzekoa da bisita gehienak taldean egin ohi direla. Eta foru instalazio horietatik igaro ziren antolaturiko 154 taldeetatik, programa didaktikoa burutzera joandako 72 eskola-taldeak izan ziren. Programa horien bitartez 3.197 ikasle joan ziren interpretazio-zentrora. Gainerakoetatik, gehienak (% 51) elkarte eta fundazioetako taldeak ziren.

Adinari dagokionez, Armañonen, bisitari gehienek 30 eta 60 urte bitartean dituzte. Era berean, bisitari gehienak EAEtik datoz (% 59) eta gehienek gaztelaniaz egiten dituzte beren kontsultak (% 69).

Enkarterrietako parketxeak iaz garatu zituen dinamizazio-jarduerak 23 izan ziren eta 402 pertsonek hartu zuten parte horietan. Parte-hartzaileek hamarretik 9,5eko puntuazio eman zieten jarduerei.

Gorbeian, bisita gehienak (8.808, 12.671tik) lanegunetan ematen dira eta parketxe horietara iristen diren pertsonen erdiak baino gehiagok (6.458) antolaturiko taldetan egiten dute. Iaz, talde horietako 142 hartu ziren interpretazio-zentroaren instalazioetan. Horietatik, 11, programa didaktikoa gauzatzen duten eta parketxera 5.099 ikasle erakarri dituzten eskola-taldeei dagozkie.

Armañonen, bisita gehienak meteorologikoki atseginenak diren hilabeteetan ematen dira; Gorbeian, berriz, bisita gehienak urteko azken hiruhilekoan. Urria izan zen bisitari gehien erregistratu zituen hilabetea (1.478), gero abendua (1.371), maiatza (1.345), abuztua (1.343) eta azaroa (1.208).

Parketxe horretara gehienak bikotekidearekin edo familiarekin joan ohi dira (% 30 eta % 29, hurrenez hurren). Adin-tarterik ohikoenak 60 urtetik gorakoak eta 30 eta 60 urte bitartekoak dira (% 43 eta % 40, hurrenez hurren) eta hamarretik sei bisita baino gehiago gaztelaniaz egin ohi dira. Azken datu hori lotuta dago bisitarien jatorriarekin, izan ere, ekipamendu hori bisitatzen duten pertsona gehienak (% 54) estatuko beste puntu batzuetatik datoz.

Bestalde, Gorbeiako parketxean 25 dinamizazio-jarduera garatu ziren eta 843 pertsonek hartu dute parte horietan. Azken horiek 9,28 puntuko nota eman diete jarduerei.

Gorbeian bezala, Urkiolako parketxera egin ziren bisita gehienak (8.643) lanegunetan eman ziren eta ekipamendu horretara joan ziren 178 talde antolatuetan. Talde horiek 7.623 pertsona zenbatu zituzten. Horietatik, 5.401 programa didaktikoen 120 taldetan parte hartu zuten ikasleak izan ziren.

Parketxe horretara bisita gehienak ekainean (1.777 pertsona), urrian(1.608), abuztuan (1.402), martxoan eta abenduan (1.379 bisita bietan) egin ziren.

Interpretazio-zentro honetara iritsi ziren hamar pertsonatik bostek 30 eta 60 urte bitartean zituzten; % 44ak familian egin zuten bisita eta % 56ak gaztelaniaz egin zituzten kontsultak. Pertsona horien jatorriari dagokionez, % 45 EAEkoak ziren eta % 31 Estatuko beste puntu batzuetatik iritsi ziren.

Urkiolako parketxeak antolatutako 29 dinamizazio-jardueretan, iaz, 934 pertsonek hartu zuten parte eta hamarretik 9,5eko batezbesteko nota eman zieten aipaturiko ekimenei.