EAEtik kanpo kokatutako unibertsitate publikoekin hitzarmena sinatzea, ikasleen practicuma gauzatu dezaten

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, lankidetza-hitzarmen bat sinatzea Hezkuntza Sailaren eta EAEtik kanpoko lurralde-eremuko unibertsitate publikoen artean, Euskadin erroldatuta dauden eta aipatutako unibertsitateetan irakaskuntzara bideratutako ikasketak egiten ari diren ikasleek practicuma egin ahal izan dezaten, funts publikoekin sostengatutako euskal ikastetxeetan.

Aipaturiko practicuma edo praktikaldia honako ikasketa hauek burutzen ari diren ikasleei zuzendua dago: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gradu-tituluak; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle-lanbideetan aritzeko gaitzen duen master-titulua; edo Lanbide Heziketako irakaskuntzarako eskatzen den prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa ikasten ari diren ikasleei.

Unibertsitateek tutoreak eta koordinatzaileak izendatu beharko dituzte, bai eta praktika-programaren arduradun bat ere. Era berean, praktiketako ikasleak hartzen dituzten ikastetxeek ere tutore eta koordinatzaileak identifikatuko dituzte euren irakasleen artean.

Oraingo honetan hitzarmena Euskaditik kanpo dauden unibertsitateekin baimendu den bezala, 2019an lankidetza-hitzarmenak gauzatu ziren –helburu berberarekin- Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateekin ere.

Practicum fasea 

Practicum deritzon fasea, irakasle izateko prestatzen ari den ikasleak ikastetxe batean egiten duen praktikaldia da. Helburu hauek ditu praktikaldiak: eskarmentua lortzea bakoitzaren espezialitateari dagozkion gaien plangintza zein ebaluazioa egiteko eta eskolak emateko; irakasle-lanerako ahozko eta idatzizko adierazpena ongi menderatzen dutela egiaztatzea; eta ikaskuntza eta bizikidetza erraztuko dituen giroa sustatzeko beharrezko gizarte-trebetasunak menderatzea.

Praktika hauek egiten dituen tartean, ikastetxean esleitu dioten irakasle tutorearen tutoretza jasotzen du ikasleak, eta unibertsitateak ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa ere izaten du. Tutoreaz gain, prestakuntza-zentro bakoitzean koordinatzaile bat ere izaten da. Azken hau, praktikak koordinatzeaz gain, horien garapen egokiaz ere arduratuko da. Praktiketako ikasleek ez dute irakasle tutoreari dagozkion irakaskuntza-jarduerarik egiten, eta kolaboratzaile gisa hartu behar dira hezkuntza-jardueretan.